Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Hybris sindromea

2018ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Artistak dira agintariak jende xehea sutzen. Oraingoan Jon Darpon izan da, JaurlaritzakoOsasun kontseilaria azken bost urtean: «Ilara handiagoak daude Athletic-Alaves derbirako sarrerak hartzeko Osakidetzako puntu askotan baino».

Abiapuntua, ELA sindikatuak eginiko salaketa: profesionalak falta direla eta, ezinean dabiltza oinarrizko arreta eta larrialdi zerbitzuak pazienteak egoki artatzeko. Iaz, garai bertsuan, beste horrenbeste egin zuten sindikatu guztiek eta laurehundik gora ohe egokitu behar izan ziren hiru lurraldeetako ospitaleetan. Errua ez zen izan, noski, murrizketekin galdutako hiru mila lanposturena, are gutxiago kudeatzaileena, gripearen andui berriarena baizik. Iaz lehenean, beste horrenbeste gertatu zen.

Gripeak gripe eta aurreikuspenak aurreikuspen, arazoa beste nonbait dagoelakoan nago, ordea. Medikuak noiz hartuko zain dauden pazienteak estadio batera doazen futbolzaleekin alderatzea, trakeskeria baino, gure klase politikoaren argazki garbia da. Harrokeria erakusten du, nagusikeria, niri bost zer diozuen betiko bazter-nahastaileok.

Darpon bezalaxe, politikoa izana da David Owen, eta medikua, neurologoa. Berari zor diogu Hybris sindromearen kontzeptua. Oweni sinestera, boterean egoteak aldaketak eragin ditzake agintariaren buru-jarreretan. Karguak itsutzea dakarkio, besterena ez entzutea. Botereak mozkortu egiten duela, alegia, gizalegea bera ere galdu arte.

Darpon Hybrisen sindromepean dagoen, horixe da ez dakidana. Baina deigarria egiten da Urkulluren gobernutik sektore publikoko langileek egindako eskaerei behin eta berriro ematen ari zaizkien erantzunak. Garena gara. Ahul agertzearen beldurrez, boterean dagoenak nekez jokatuko du gure eskola-umeei eskatzen diegun gisan: izan daitezela umilak, ikas dezatela entzuten, ez diezaiotela burlarik egin aurrean dutenari...

Baina nola ba, horixe baita boterea hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.