Mikele Landa.
LARREPETIT

Amildegia

2018ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Ingurura begiratu eta konturatu naiz, egin behar genuela suposatzen zen guztia egin ostean, aurrera zelan jarraitu asmatu ezinean gabiltzala nire adin bueltako asko. Amildegiaren ertzean zulora begira. Unibertsitatearekin Ikasketa zentroen segidari azken katebegia jarri eta orain... orain zer? Atzean dugu honaino iritsi arte egindako bidea; malkartsua uneren batean, aldapa behera besteetan eta pare bat bidegurutze —biologia ala fisika, letrak ala zientziak—. Karrera aukeraketak ere ekarri dizkigu buruhausteak. Baina, Oz-erantz zihoala Dorothy-ri gertatu bezala, aukerak harlauza-bideetan gorpuztu izan zaizkigu; pausoa norantz eman erabaki aurretik gure aurrean ikusi genitzakeenak. Metaforarekin jarraituz, guk ere badugu esmeraldazko hiri distiratsu bat urrunean, hasieratik markatutako helmuga bat: lana. Ordea, unibertsitate ataritik bertara iristeko tartean ez dago harlauza horidun biderik, ezta gurutzatzeko lurrik ere. Hor gaudela, amildegiaren ertzean ez atzera ez aurrera, titulitisak kutsatu gaitzake. Hizkuntza maila ziurtagiriak, masterrak, formakuntza egonaldiak... Eta behin curriculuma gizenduta, abiada nahikoa hartu dugulakoan salto egitera ausartzen gara. Jauzia eman eta berehala jausten hasi. Zuloan behera goazela besoak luzatzen ditugu erorketa geldiarazi edo gutxienez kolpea bigunduko duen edozer harrapatzeko ahaleginean. Helmuga dugun lurraldearen hormako sustrai eta adarretatik zintzilik geratzea lortzen dugu kasurik onenean. Langile eta ikasleen arteko linboan: praktiketan. Amaitu berri dugun formakuntzatik ikasle asegurua oraindik indarrean izanez gero gaitz erdi, bekaldiak lortzeko aukera gehiago izango ditugu, enpresak gure soldataz gain langile asegurua aurreztuko duelako. Praktiken truk ordainsaririk eskuratzekotan, ingurukoak inbidiatan izango ditugu; gainerakoei, sorbaldan eskua ipini eta zorioneko daudela esango baitiete, matrikularik ordaindu gabe primerako formakuntza jasotzen ari direla argudiatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.