Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Injustizia

2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Kataluniarrek errepublikaren alde bozkatzeko aukera izan dute, baina Espainiako Gobernuak ez du onartzeko gogorik izan. Erreferenduma egin zutenetik, egunero izan da Katalunia hango edo hemengo titularretan. Lehendakaria izan behar zuena Europan zehar bueltaka ibili da, baina ez du kargua hartzerik lortu. Madrileko rap kantari bi eraman dituzte kartzelara erregetzaren kontra kantatzearren. Espainiako errege-erreginek ezin dute erabaki argazkietan nork egon behar duen lehen lerroan, baina ustelkeria kasuetatik libratzen ari dira. Euskal Herrian lehortea izan zen joan den udan, baina neguan nazkatu arte bota du euria, eta uholdeak izan dira. Leku askotan egin dute errekek gainez, eta Nafarroako Erriberan uzta arrisku larrian dago. AEB eta Ipar Koreako buruek behin eta berriro erakutsi diote elkarri bien artean zeinek daukan zakilik luzeena. Mediterraneoan hildakoak zenbat diren zenbatzea ezinezkoa da. Umeak jaio zaizkigu inguruan, eta maite genuen jendeak utzi egin gaitu: bizitzaren legea da. Bilboko Metroak lerro berria ireki du, eta honezkero milaka bidaiarik erabili dutela esan dute urteurrenean. Euskarazko telebista publikoan programa berriak estreinatu dira, zaharrak kendu egin dituzte, eta Doraemonen abenturek jarraitu egiten dute. San Ferminak ospatu ditugu behin eta Gabonak birritan. Hainbat tona zabor biziklatu dira munduan eta erraustegia eraikitzen hasi dira Gipuzkoan.

Bada, hau guztia eta askoz gehiago gertatu den bitartean, Altsasuko hiru gazte kartzelan egon dira eta daude. Kartzelan. Terrorismoa deitu nahi dioten goizaldeko borroka bategatik. Kartzelan. Urte bete eta erdi. Elkartasuna erakutsi dien jendeari eskerrak ematearren zigortuta, isolamenduan. Kartzelan. Ez dakit zer gehiago behar dugun gure zurrunbilotik burua jaso eta injustiziaren tamainaz jabetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.