Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Osaba

2018ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Zuen nebak ez dira gerratik itzuliko», esaten zieten auzokoek zuen arrebei. Eta zu ez zinen itzuli. Ez genekien ia ezer zure heriotzari buruz: Basurtuko gerra ospitalean galdu zen zure pista betirako. Pentsatzen dut zure anaiak, gero gure aitona izango zenak, betirako gorde zuela gerratik zu gabe itzultzearen min hori. Seguruenetik Kantabrian lurperatu zintuztenek zure memoria guregana ez iristea nahi izango zuten. Baina heldu egin zara. Onak ziren, ba, zure arrebak! Orain jakin dugu gaixorik hil zinela eta zuen hilobiaren gainean hilobi gehiago eraiki dituztela inork ez zuelako zure gorpua erreklamatu.

Min handia ematen dit zure neba-arreba guztiak hilda egoteak halako berria hartu dugunean. Zenbat aldiz esaten ziguten auzoko haiek bazekitela zerbait... baina hemen dena eraiki da isiltasunaren gainean. Dena berregin da gerra galdu genuenon isiltasunaren gainean.

Orain egongo zaren dimentsio horretara hitz egin nahi nizuke. Esan nahi nizuke gure aitonak, zure anaiak, ez zigula utzi zutaz ahazten. Esan nahi nizuke badugula zuen gaztetako argazki bat, eta badagoela zure iloba bat zure antz handia hartzen dioguna. Esan nahi nizuke min egingo lizukeela orduko zenbait faxistaren ondorengoek oraindik ere nola agintzen duten ikusteak. Eta esan nahi nizuke, batez ere, gure barruan badakigula gaixotasunak gaixotasun, hil egin zintuztela. Eta esan nahi nizuke badakigula nahita lurperatu zintuztela hain urrun, inork ez genezan zuek etxera ekartzeko eskatu. Esan nahi dizut azaldu ezin dezakegun zerbaitegatik maite zaitugula; faxistek ukatu egin ziguten zu ezagutzeko aukera, baina harro gaude zutaz.

Eta Gernikako Bonbaketaren urteurrenetako ekitaldietara burua altu joaten gara: guk badakigu non egon zineten zuek. Zure gorpua ezingo dugu hona ekarri, baina Albizen haizeak jotzen duenean, badakigu muxu ematen diguzula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.