Mikele Landa.
LARREPETIT

'Mikele'

2018ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Lehenengoz berari buruz zerbait irakurri nuenean izenak piztu zidan arreta. Ez ditut nire izenkide asko ezagutzen, eta horrek gehiago irakurtzera eraman ninduen. Eskerrak jakin-minari jaramon egin nion! Horrela jakin nuen Ekhiñe Etxebarriak burutu berri duen dokumentalaren protagonista dela Mikele.

Mikele eta Ekhiñe biak dira uhartearrak, eta gertutasun hori nabari da. Herria, agertoki izatetik, Mikeleren bizitza ahalbidetzen duen esparru izatera igarotzen baita dokumentalean. Zuzendariak filmatzen dituen gainontzeko pertsonaiekin antzera gertatzen da, ez dira osagai huts, protagonistaren testuinguru zirkunstantzial; Mikeleren errealitate izan dira bere 16 urteetan zehar, eta Ekhiñek, hori ulertuta, bere errealitate ere bilakatu ditu filmaren filmatu bitartean. Horrela soilik gauza zezakeen hain pieza zintzoa.

Joan den astean Madrilen ospatu den DocumentaMadrid jaialdian ikusteko aukera izan nuen. Han estreinatu da lehenengoz, eta nazioarteko film laburren sailaren barruan epaimahaiaren aipamen berezia jaso du. Ekhiñek berak larunbateko itxiera ekitaldian azpimarratu bezala, nik ere egin nahi diot aitorpena jaialdian emakumeek izandako presentzia txalogarriari, antolakuntzatik hasita sarituenganaino, kontatu diren istorioetatik igarota, emakumeek izandako tokia paregabea izan delako.

Dokumental sarituari dagokionez, kontatzen duenari buruz ez dizuet gehiegi aurreratu nahi. Berandu baino lehen aukera izango duzuelakoan, ikustera gonbidatzen zaituztet, behartu ezin zaituztedalako. Heldu, gazte zein ume. Mikele ikus-entzunezko erretratuaren bitartez ezagutzea esperientzia ederra delako. Baina, emango dizuet berba bat, pieza hitz batean laburbildu beharko banu horixe erabiliko nukeelako: baliagarria. Ikuslearen zirkunstantziak edozein direla ere, denongan eragin dezakeelako, errealitatearekiko ordura arte izandako harremana aldaraz diezagukeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.