Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Erdia

2017ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako egunkari batean irakurri dut erreportajea: Madrilen bizi diren kazetari kataluniarrek zubi-lana egitera behartuta ikusi dute beren burua. «Madrilen susmagarriak gara kataluniarrak izate hutsagatik. Katalunian, ostera, salduak gara», esan du gatazka honen erdian sentitzen den kazetari batek. Bai erreportaje horretan, eta bai egunotan argitaratu diren beste askotan, elkarrizketaz hitz egin dute erdiaren ustezko ekidistantzian daudenek: guztiak ari dira gaizki, elkarrizketa behar dugu, bermerik ez dago erreferenduma egiteko. Ez dute esaten, baina, zergatik ez den posible izan elkarrizketa, edo nork eragin duen bermerik gabeko erreferenduma izatea, edo banderak polizia militarrari agur eginez astintzeak ez daukala zerikusirik»bozkatuko dugu» esanez astintzearekin.

Eta gogoratu naiz gure herriko gizon batek nola txiza egin zuen lehenengoz muga pasatu zuela esan ziotenean. Euskal Herri bi egon daitezkeenik buruan sartu ez gizonari eta Guardia Zibilaren kontrola pasatzeak emandako amorruari ezin eutsita, zakila atera eta hizketan hasi omen zen zarraztada betean: «hor doakizue, bada, zati bat Espainiarentzat eta bestea Frantziarentzat». Ez da adibiderik egokiena garaiotan jartzeko, baina ezertarako balio ez duen gizonkeriazko keinu horrek, berriz ere, gatazkaren erdian daudenengana eraman nau. Izan ere, gatazkan dauden alde bien gainetik hitz eginez, bakoitza ondo, baina batez ere gaizki zer egiten ari den esanez, ez da ezer konpontzen. Azkenean, arazoak konpontzeko ezkerrak eta eskuinak, goiak eta beheak, Kataluniak eta Espainiak, hark eta honek hitz egingo dute elkarrekin. Baina irudipena daukat lezio gehiegi ematen direla benetan existitzen ez duen erdi horretatik: guztien buruan behera txiza eginez bezala, euren aukeren gainetik lanean ari direnak inozoak balira bezala, sekula ezer egin ez arren, gauzak nola egin behar diren beraiek bakarrik balekite bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.