maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Scalextrik

2017ko urriaren 11
00:00
Entzun
Azkenaldian ohi baino gehiagotan hartu behar izan dut A8 errepidea. Barneratu naiz eskuinera eta ezkerrera ia 180ยบ dituzten bihurguneetan, mantsotu dut martxa orduko 80 kilometrora eta berriro azeleratu 120ra, aurreratu ditut ondoko kamioi, autobus eta autoak, ikusi dut bide ertzeko biolinista, eta eman diot zartakoa kreditu txartelari.

Nire lagun batek Scalextrik deitzen dio errepide horri, eta ez da gaizki paratua izena. Txikitan bagenuen izen bereko jolas bat, amatxiren etxeko ganbaran edukitzen genuena: piezaz pieza osatzen genuen bihurgunedun errepidea, zortzi baten forman, eta jostailuzko autoak kobre koloreko hari mutur batetik eusten zion gezurrezko asfaltoari. Joko giderrari bi eskuz gogor eutsi eta botoiei sakon ematen genien, ez abilezia handiz, autoek abiadura gehiegi hartu eta errepidetik salto egiten baitzuten, ala elkarren kontra talka. Gero berriro haien bila joan eta kalte handirik gabe ekiten genion jolasari, baten bat aspertu eta jolasez aldatu arte.

Antza pixka bat badu Gipuzkoa eta Bizkaia lotzen dituen Scalextrik-ak, baina kontua da errepidetik ateraz gero segituan berriro hasteko aukerak ez direla hain handiak. Eta hori gutxi balitz, hesi zuri-gorria altxatzeko 10 euro inguru utzi behar dizkiozu leihatilakoari, zure bizitzaren zerga gisa.

Ez da Euskal Herrian beldurra ematen duen errepide bakarra, ordea. Joan zaitez Baionara, eta ikusiko duzu nola gutxienez duela zortzi urtetik nire oroimena hor hasten da dauden etengabeko obretan, erreiak estututa eta 90eko abiadura maximoa jarrita radar mugikor eta guzti. Eta hor ere, noski, utz itzazu 1,70 euro Biriatun eta beste 3,40 inguru Miarritzen. Tuterara joateko ere bota 10 euro bidesaritan. Eta hau dena gasolioa kontatu gabe, noski.

Parisera eta Andaluziara autoz joan bazarete ikusiko zenuten hainbesteko hesirik ez dagoela bide horietan. Kasualitatea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.