Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Txilar artean pasieran

2018ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Sortzezko bekatua zuen, gutako serafinak, kerubinak eta goi-aingeruak ez bezala, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k. Donostiako alkate jaunak gogorarazi digu asteon Euskadi Irratian, Antigua auzoan inauguratu berri den horma irudiaren kari: Txillardegi ETAren sortzaileetako bat izatea «arazoa» da gaur egun.

Nik ulertu egin nahi diot Eneko Goiari, zehaztu ere egiten baitu momentuko ahokada ez dirudiena. Gauzak ez direla nahi bezain errazak esaten ari zaigu. Eta hori dioenean politikaz ari da, indarren arteko sinergiez, zuhurtziaz. Baina horratx betiko eskola, ezin agiraka aritzeari utzi, kasu honetan ekitaldiaren sustatzaileei, gauzak bestela egitera udalak haren izena honezkero liburutegian, Kursaalen, Tabakaleran jarria izango balu bezala: «Aldez aurretik beharrezkoak diren aliantza eta konplizitateak landu gabe sustatu dituzte ekimenak, eta modu horiek ez dute asko laguntzen».

Ez da ez, ordea, errietarekin batera, idazlearen figura osatzeko zirkinik txikiena egin. Ez dago testuingururik, ez merituen aitortzarik, ez erakunde ofizialek urteetan gizonarekin izaniko bazterketa sistematikoaren aipamenik, are gutxiago autokritikarik. Nola bada, jatorrizko bekatua badu. ETAren sortzaileetako bat izan zen... frankismo gorrienean.

Txillardegik ETAren eboluzioaz izaniko iritzietan edota haren aldean burdina suelto dantzatutako zenbait non dabiltzan sartu gabe, kontua azken batean, beste bat baita. Izan ere, nik sinetsi nahi nioke alkate jaunari, sinetsi barneratua duela idazlearekin eta hizkuntzalariarekin darabilen kezka etiko hori, baina nahikoa dut hiriko kale artean paseatzea, bata dela eta bestea dela, milaka lagunen heriotzaren ardura duten izenak aurkitzeko nonahi, larderiari eraikitako hamaika gorazarre, Antiguako horma irudiak eragin dion buru-nekearen laurdenik ere ematen ez diotenak, nonbait.

Ez zen itxituran sartzeko pertsona. Ez da besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.