Mikele Landa.
LARREPETIT

Hegazkina ehiztari

2018ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Behin baino gehiagotan gertatu izan zait ingurura begiratu, eta Black mirror telesailaren baitan nagoela sentitzea. Kapitalismoak eta teknologiak muturrera eramandako etorkizuneko distopia batean banengo legez irudikatzea neure burua, hain zuzen. Low cost hegaldi batekin izandako komerien ondorioz pairatu nuen antzerako zerbait azkenengoz.

Lau lagunentzako joan-etorria erosteko jarri nintzen ordenagailu parean. Hegaldia aukeratu eta berehala, algoritmo batek oraindik libre zeuden jesarleku guztien artean elkarrengandik urrutien zeuden horiek esleitu zizkigun. Jarraian, lagunen ondoan bidaiatu nahi izanez gero diru-truke lekualdatzea eskaini ahal izateko. Hurrengo leihatilatxoak jakinarazi zidan orain arte eskuko-maleta gisa ezagutu ohi diren horiek derrigorrez fakturatu behar direla. Jesarlekuen estrategia berberari jarraikiz, helmugara iristean zintak fardela noiz itzuliko zain egon nahi ez duenari «apur bat» gehiago ordaintzeko aukera eskainiz. Eskaintzaz eskaintza, istripuetarako eta txartela aldatu ahal izateko aseguruari, kotxe alokairuari, hotelei eta abarrei muzin egin ostean eskuratu nituen hegazkinerako sarrerak.

Aireratu bezain pronto, segurtasun gomendioak entzun eta berehala, bozgorailuetatik «prezio ezin hobean» salgai zituzten kolonia frasko bakoitzaren mililitroak banan-banan aditu behar izan genituen lehenengo. Azafatak berak etxean dituen eta, antza denez, primeran funtzionatzen duten bluetooth bidezko aurikularren inguruko zehaztapen guztiak jaso genituen ostean. Eta azkenik, izendatu ez zituzten GKE multzo bati laguntzeko, zozketa boleto bana saldu nahi izan ziguten. Dena, ordubete eskasera iritsi zen bidaia batean. Bozgorailuak, behin isilduta ere, oihartzun ezin ozenago bat utzi zuen burrunbaka: «Nola atera ahal dizuegu diru gehiago?». Prezio merkea amu, gu ehizatzeko diseinatutako hegazkinetik osorik irtetea lortu nuen, baina ez zuten denek zorte bera izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.