Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Aukera

2018ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Zoritxarrekoak gu: edozein enpresetako zuzendari izateko aukera izanda, enpresako komunak garbitzea aukeratu genuenak. Zoritxarrekoak bai, zakilarekin jaiotzen direnek dena errazago dutela jakinda, aluarekin jaio ginenak. Zoritxarrekoak ingeniaritza ikasketak egin eta gero, etxeko ordenagailu zaharrean itzulpenak egitea aukeratu zuten neska gazteak: guztiok dakigu ingeniariek diru gehiago irabazten dutela. Zoritxarrekoak ordu libre gehiegirekin aspertu eta zaharrak zaintzen hasi ziren ama, amama eta izeba nekatu haiek. Aukeratu zezaketen antzerkira, zinemara edo ardo garestiak edatera joatea, baina umeak hazi zituztenean, gurasoak zaintzea otu zitzaien. Zoritxarrekoak bai, baloiari ostikoka dabiltzan neskak. Nori bururatzen zaio ezer kobratu gabe baloia edo bizikleta hartzea, edozein enpresatan behar dituztenean neska idazkariak? Zoritxarrekoak gu, aukeratu genitzakeen gauza guztien artean bazterrean egotea aukeratu genuenok, mikrofonoan lekua lortu ahala inozentzia galdu genuenok, egin behar genuela esan zigutena egiteari uko egin genionok.

Zorionekoak zuek: guk izan ez dugun inspirazioari esker enpresetako zuzendari izatea aukeratu zenutenok. Zorionekoak zuek, aukeratutakoa zuen ahal eta inteligentzia erabilita bakarrik lortu baituzue: bidean inor zapaldu gabe, zeuen galtzontzilloak zeuek garbituta, zeuen umeez zeuek arduratuta, zeuen gurasoak zaintzeko futboleko abonuak bertan behera utzita, haurdun gelditu delako inor kaleratu gabe. Zorionekoak zuek: iritsi zareten lekura iristeko munduaren erdia baztertu eta zapaldu egin duzuela konturatu nahi ez duzuen gizonak.

Zer esango diguzue hurrengoan prekaritatean bizitzea erabaki dugun emakume gajooi: geure burua hiltzeko adorerik ez dugulako aukeratzen dugula hiltzaileekin ezkontzea? Ez al litzateke hobea zuen pribilegioak justifikatzeko argudiorik ez duzuenean isilik gelditzeko aukerari heltzea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.