maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Gure proportzioak

2018ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Nik esan gabe ere badakizue Espainiako Justizia ez dela proportzionala. Ostiralean erakutsi zuen Altsasuko gazteen aurkako sententziak, eta grafikoki adierazi zuen horren harira Sortuk zabalduriko irudi batek: GALeko arduradun Rafael Vera eta Jose Barrionuevori hamar urteko espetxe zigorra jarri zieten bahiketagatik; Juan Jesus Casas guardia zibil sarjentuak lau urte eta erdi jaso zituen tortura larriak eragiteagatik eta Espainiako Auzitegi Gorenak sententzia bertan behera utzi zuen; bortxaketa eta erailketagatik, Jose Diego Yllanesi hamabi urte eta erdiko zigorra jarri zioten; Iruñeko bortxaketagatik boskoteari bederatzina urtekoa.... Eta Altsasuko gazteei, kaleko jantzirik zihoazen guardia zibil batzuei parranda batean ustez jotzeagatik, hamahiru urterainoko espetxe zigorra, terrorismo delitua kenduta ere.

Justizia postfrankista zioen Sorturen irudiak, baina ausartuko nintzateke esatera lehenengo zatia soberan duela hitzak. Proportzionala ez izateaz gain, faxista eta matxista delako Espainiako Justizia, justizia hitza merezi ere ez duena, bide batez. Auzitegiko atetik sartu orduko badakizulako jada hortik aterata zein izango den zure zoria. Euskalduna bazara, automatikoki, zigorra. Eta emakumea bazara, zure hitza hutsaren hurrena bilakatzea eta salaketa jartzeagatik berriro ere zigortua izatea. Bestela, ikusi zer-nolako trabak jasaten ari diren Kote Cabezudo argazkilariak erasotako emakumeak.

Egunkariek beste behin erakutsi digute zein den Espainiaren benetako aurpegia, eta haren barnean segitzen duguino zein izango den gure patua. Izan Mariano Rajoyren edo Pedro Sanchezen gidaritzapean, berdin segituko baitute auzitegiek gure hitzak, bizitzak eta erabakiak gutxietsi eta oztopatzen. Hemen erabaki eta justizia sistema propioa eraiki beste aukerarik ez dugu, gure proportzioak eta zinezko justizia bat lortu nahi baditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.