Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Poesia: gure ama hizkuntza

2018ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Jirabirarik gabe aitortu zion Günter Gausek*: «Zu zara, Arendt anderea, saio honen sail honetan elkarrizketatu dugun lehenengo emakumea». 1964ko urriaren 28an argitaratu zuten Alemania Mendebaldeko ZDF telebista publikoaren bigarren katean. Elkarrizketak Adolf Grimme saria jaso zuen eta, urtebeteraZer gelditzen da? Ama hizkuntza gelditzen da izenburua jarri zioten liburu bilakatu zenean, altxor bat.

Elkarrizketa hartan aitortuko zuen poesia bere bizitzako alor oso garrantzitsu bat izan zela. «Letra emakume petoa izan zela» esan zuen Rolf Hochhuthek. Nola dedikatu, hala ez bazen, teoria politikoaren hezur muinetaraino. Umetan buruz ikasten zituen olerkiak, munduko gauzarik ohikoena balira bezala. Filologia klasikoan aritu zenean buruz ikasten omen zituen Greziako klasikoen bertsoak. Gogoko autoreen artean zeuzkan Schiller, Rilke, Goethe, Heine, Hofmannstahl eta Brecht. Eta egin zuen gogokoenak zeuzkan 37 poemekin antologia bat ere.

Irmela von der Lüheren* arabera, Arendt-ek «lengoaia metrikoan, hitzen eta esaldien sekuentzia metrikoan eta estrofikoan, etorkizunaren promes bat ikusten zuen, iraunkortasun transhistorikoaren eta munduarekiko konpromisoaren nolabaiteko garantia bat». Gausen elkarrizketa berean Arendt-ek «nahi dudana ulertzea da» aforismotik azaldu zuen mundua. Juduen suntsiketa ulertu nahi zuen, baina baita gizonek «arrastoa utziz jokatzeko duten joera» ere. Berak ez zuela bere kolegek bezala boterea eta eragina izan nahi, berak «ulertu» nahi zuela, «ulermena [zela] bere aberria».

Eta hala amaitu zuen 1923an bere hirugarren poema, Kontsolamendua, «Orduak joango dira/ eta egunak./ Baina irabaziko dugu zerbait:/ iraunkortasun bera». Hurrengo 38 urteetan idatziko zituen poema gehiago, 71 denera. Irautea, ulertzeko ezinbesteko aldagaia.

*Garai hartan kazetari ospetsu bat izan zen, geroago Willy Brandt sozialdemokrataren gobernuko goi funtzionarioa.

**Erretreta hartutako literatura alemaniar garaikideko irakaslea Berlingo Unibertsitate Librean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.