maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Parte sentitzea

2018ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrian Lehen Mundu Gerlak izan omen zuen paper garrantzitsua bertako herritarren akulturazioan. Ordura arte frantsesez ia ez zekitenek Hexagonoko gainontzeko herritarrekin elkartu behar izan zuten lubakietan, eta kanpo etsai baten aurrean elkartasunez ala halabeharrez ikasi zuten frantsesez, baita azkenerako frantses sentitu ere. Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako herri guztietako monumentuek oraindik ere erakusten digutenez, euskaraz baizik ez zekiten haiek, morts pour la patrie.

Bitxia da berez lotura: gerlara eta heriotzara behartu dituen estatu baten kontra oldartu beharrean, zergatik sentitu ziren herritarrak haren parte? Adoktrinazioa? Frontearen lilura? Gutxiagotasun konplexua? Stockholm sindromea?

Orain Emmanuel Macron presidenteak derrigorrezko soldadutza ezarri nahi duela eta, bi sentimendu erabat kontrajarri sortzen dizkit neurriak. Ikastaldi militarraren kontra izanik noski, hasieran iruditu zitzaidan ez ote zuen onik ere eginen, herritarrek soldadutzaren kontra altxatu beharko luketelako derrigor —edo hala irudikatzen nituen behintzat nire buruan—. Eta Ipar Euskal Herrira ekarrita, Frantziaren inposizioaren kontrako arbuio bat sortuko badu, «jar dezatela soldadutza derrigorra, nahi dutenean», pentsatu nuen.

Baina badu ifrentzua neurriak. Eta are gehiago beste batzuen kontra-proposamenak, frantses estilo sutilean: ariketa militarrak ikasi ordez egin dezatela ikasleek (eta 10 eta 16 urte bitartekoek, gainera) ikastaro bat Frantziako balioetan are gehiago blaitzeko. Nahikoa irakatsi ez balizkigute bezala (baita ikastolan ere) Luis XIV.aren ibilerak, V. Errepublikako presidente guztiak, Mariannen garaipenak, oilarraren kukurrukuak eta frantses sistemaren aparatu burokratiko denak. Ez dakit zerk egiten duen inposizio baten parte edo haren kontrako sentitzea. Badaezpada, beraz, ez dezatela jar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.