Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Bihotzeko arazoak

2017ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Ez, dena ez da nagia eta aspermena urte hondarrean. Badira gertaerak ikuskizun etengabearen kultura honetan, urtea joan eta urtea etorri, loerotik iratzartzen nautenak eta Eguberrietako argi bat baino indar handiagoz pizten.

Hala da, eta neurea da makurra garrazten banaiz zoriontasun izpiek bihotzik hotzena berotu behar luketenean. Baina ezin dut, ezin eraman dezaket elkartasun maratoiko irribarreen festibal hau atzamarrez garaipenaren zeinua egiten, aldarrika ez gaituela iktusak zanpatuko, garaituko dugula denok elkar hartzen badugu.

Ezin dut, ez sinbolismoaren fribolitateak bereziki sutzen nauelako (zenbat horrelako norberak ere), ezta Dickensen Gabonetako Ipuina eleberriko Scrooge jaunaren garapenik izango ez dudala jakiteak izutzen nauelako ere, are gutxiago ikusten ez dudalako bolondres saldoaren lana eta itsulapikoan daukan apurra ematen duen horren bihotz zilarra. Edo beharbada horixe zait gogorrena, zikinena, amoralena egiten; alegia, osasunaren, sentimenduen, ekonomiaren eta ikuskizunaren konbinazio gaiztoa. Ez baitut ulertzen oso ondo zertara datorren hau, nolatan antola dezakeen gobernu batek, irrati-telebista publikoaren azpimarka erabilita, horrelako diru-bilketa berea denean eskatzen duen horren ardura, berak gorde behar duenean partida bat aurrekontuetan gaixotasun horren eta beste batzuen ikerketarako, bere eginbeharra delako beste inorena baino, eta iruditzen zaidalako ez dagokiola gobernu bati crowdfunding sistemarik, zertarako eta, azken beltzean, bihotz bidezko berrordainketarako.

Esango zaigu zer duen txarretik ona bada kausa, ez litekeela inor hain bihozgabea izan hau ez ikusteko. Eta zer erantzun dezakegu besterik, horretaz ari garela hain justu, adibidez, murrizketez mintzo garenean; desadostasuna erakusten dugularik baliabide publikoen bestelako kudeaketa bat dugula gogo-bihotzetan, Gabon garaia izan gaberik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.