Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Mendekoste gereziak

2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
E z ohiko sintonian, Etxerat-ek Espainiako gobernuaren espetxe politika salatzeko eskatu bezperan galdegin du Gasteizko Legebiltzarrak amaiera emateko euskal presoen urruntzeari. Txinparta, iragan martxoan Puerto III kartzelan hilda aurkitu zuten Xabier Rey Urmeneta iruindarraren heriotza. EH Bilduk aurkeztu testuari EAJk eta PSEk eginiko zuzenketak erantsita onatu da eskaera azkenik, Elkarrekin Podemosek ere babestuta. PP baino ez da gelditu kanpoan. Ahoan legarrik gabe mintzatu da Carmelo Barrio legebiltzarkidea Reyren heriotzaz:«Bere erabakia izan zen».

Bere-berea du eskuinak ondorioak baldintzetatik bereiztea. Hartzen den arloa hartzen dela, gauzak «gertatu» egiten dira, berez, eta hala, mendekostetan gereziak bezala datozkigu jazoerak. Ez dago zertan aritu azalpen bila; halabeharra da eta Jainkoaren nahia, kasualitatea eta ezbeharra. Eta berdin balio du langile baten istripua zuritzeko, emakume baten hilketa zein lurralde urrunetako edozein tragedia, noiz eta, noski, gauzak gertatu, besteei gertatzen zaizkien. Ezin egokiago azaldu du Matteo Salvinik, Italiako Barne ministroak, Aquarius ontziko immigranteekin errukituta: «eurek ez dute errurik okerreko tokian jaiotzegatik».

Bizitzeko era bat da Barrio, Salvini eta gainerako deterministena. Euren gezurrak janda, ez doakie gaizki. Izan ere, ondorioei arrazoiak sorburuan bilatzera, eraman-ezina litzateke mundualdia. Kartzela jendea xehatzeko dolarea dela onartzea, ezagutzea urruntzeak presoak ez ezik senideak ere bultzatzen dituela heriotzera, gehiegizkoa da edozein gizakirentzat.

Carmelo Barrio legebiltzarrean ari zela, hamargarren solairutik behera jauzi da gizon bat, Kataluniako Cornellan, bankuak epaileari, eta honek poliziari, etxetik bidaltzeko aginduta, bertaratu direnean. Berez, gerezi baten gisan. Ados agertu dira guztiak: bere erabakia izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.