Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Minotauroaren erresuman

2017ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Ez nintzen berehalakoan ohartu martingalaz. Beharbada supermerkatuko kutxa ondoan paratzen dituzten txipi-txapetan du sorburua, zain gaudela begien aurrean jarri ohi dizkiguten amuotan, izan hauek pila, goxoki zein umeentzako kromo koloretsu. Piezak biltegitik norberak hartu eta etxean batbederak muntatu beharreko trasteen errepublika independentekoa izan nuen, baina, lehen abisu serioa: ez dio ardura zein den zure asmoa, nahi duzuna nahi duzula, ezinezkoa baita zuzenean produktua dagoen tokira heltzea aurretik kilometro eta erdiko ginkanatik igaro gabe. Labirintoa da, Kretakoaren aldean gaiztoa, beren-beregi diseinatua bost minutuko erosketa arratsalde pasako esperientzia ezinago akigarri bilaka dadin. Teseoren mataza ez duzu beharrezko. Berek lagunduko dizute irteerara iristen, han duzulako Minotauroa zain. Larunbat arratsaldea ebatsi dizu, baina premiazkoak dituzun trepetak inork behartu gabe erosi dituzula sinetsita zoaz etxera.

Gaur egun, ez dakit aireportu handirik dagoen hegazkinetik jaitsi ahala zuzenean ategabeko denda artetik pasarazten ez zaituenik. Gasolindegietan sartzeak beldurra ematen du. Nahi duzu urdaiazpikorik, bost litroko olio poterik? Ofertan dauzkagu. Ez zaude behartuta, librea zara. Esan gabe doa, esango ez dizulako, Minotauroa bihotza eskatzen ari zaizu.

Asko zor diete demokraziaren apostoluek marketing teknika iraultzaileoi. Kontsumitzaile huts bihurturik, geure orgatxoarekin karrajoan barrena goazela, gero eta tentagarriagoa da Minotauroak eskaintzen digun produktu sorta, Europar Batasunaren bermetik hasi eta hamaika enpresa handiren txantajera, dena benazko estatu baten abaroan libre kontsumitu eta askatasunean bizi garela sinestearen truke.

Hortik landara, ziurtasun ezaren basamortua eta larritasunaren gar betierekoa.

Inkisizio txit santuak menderik mende egin izan ohi duena, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.