Mikel Iriondo Orensanz.
Zientzia. ARGI ALDIAN

'Homo erectus' modan berriz?

2020ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Gure leinuaren eboluzioan zehar espezie asko egon dira, eta horietatik Homo floresiensis eta neanderthalak izan dira azken urte hauetan aldizkarietan gehienetan agertu direnak. Dena den, aspaldidanik joko asko eman ez duen espezie bat, H. erectus, azken urte honetan modan jartzen hasi dela dirudi; horrela, urteak pasatu dira H. erectus inguruan artikulu garrantzitsuren bat argitaratu gabe, eta aurreko astean gertatu da. Rizal eta lankideek Nature aldizkarian plazaratu duten lanean H. erectus espeziearen aztarna ezagun batzuk, Java uharteko Ngandong-ekoak hain zuzen ere, modu fidagarrian datatu egin dituzte. Datazio berriak H. erectus espeziea gizaki modernoa Ekialdeko Asiara ia heldu zenean jartzen du, gutxi gorabehera orain dela 100.000 bat urte. Noski, Ngandong-ekoa ez da zertan izan behar H. erectus espeziaren azken indibiduoa, ziurrenik gehiago iraun zuten, inguruko uharteetan luzaro bizi izan ziren beste espezie batzuk bezala, hots, H. floresiensis Flores uhartean eta iaz deskribaturiko H. luzonensis Filipinak uharteetan. Horrela, Afrikatik Hego-ekialdeko Asiara heldu ginenean garaikideak ziren hiru gizaki arkaiko horiekin aurkitu ginen gutxienez.

Eta zein garrantzi du honek? Azken urte hauetan sekuentziatu diren genomek esaten diguten bezala, neanderthalekin eta denisovarrekin gurutzatzeaz gain, beste espezie batzuekin ere gurutzatu ginen, nahiz eta oraindik ez dugun identifikatu norekin. Adibidez, Jacobs eta lankideek Cell aldizkarian iaz argitaratu zuten moduan, Ginea Berriko papuarren genomaren % 1 neanderthala eta denisovarra ez den beste gizaki arkaiko batetik dator. Modu berean, Mondal eta lankideek 2016an Nature Genetics aldizkarian argitaratutakoaren arabera, Indiako ozeanoko andamandarrek batez ere, eta Hegoaldeko Asiako beste populazio askok ere, jatorri ezezaguneko beste genoma zati bat dute.

Gauzak horrela, orain egindako dataziotik H. erectus gure garaikidea izan zela ondorioztatzen denez, aukera anitz daude egungo gizakion genomako parteren bat beraiengandik jasota edukitzea. Aukera gehienak Ekialdeko Asiako eta Ozeaniko populazioek dute noski, baina gizakiok gure artean nabarmenki nahastatu garenez maila txiki batean mundu osoan sakabanaturik egon daiteke ere.

Gizakiok mailaren batean neanderthal eta denisovar ginela bagenekien eta badirudi ere orain H. erectus izan gaitezkeela. Ez zarete arkaikoagoak sentitzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.