jakes goikoetxea
Tokio 2020. SURIMIA

Oilo ipurdia

2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Sentsazio ederra da olinpiar estadiora sartzearena. Hunkigarria ere bai. Ikuslerik gabe bada ere. Ingeles ulertezina eta dantzalekuetako musika burrunbatsua bozgorailuetatik. Laugarren solairura igo, tunel txiki batean sartu, eta mundu berri bat zabaltzen da. Ezaguna, Olinpiar Jokoetako irekiera ekitaldia ere bertan egin zelako; baina orduko parafernaliak, atrezzoak eta mezu hutsek ez dute zerikusirik atzotik aurrera bertan ikus daitekeenarekin. Irteeraren aurreko isiltasuna. Irteera adierazteko soinu ezaguna. Azken itzulia dela jakinarazteko kanpai hotsa. Jaurtiketak egiten dituztenen garrasiak. Atleten kolpeak izterrean, giharrei esnatu behar dutela esateko. Hasi da atletismo lehiaketa, Olinpiar Jokoen oinarri nagusietako bat —nagusia ez bada—, igeriketarekin eta gimnastikarekin batera.

Sentsazio ederra da, tartanean edo belarrean dauden gehienak ezagutu gabe ere, haien korrikaldiak, jauziak eta jaurtiketak ikustea. Izen-abizenak eta banderak baino gehiago, haien ahalegina iristen baita harmailetara.

Sentsazio ederra izanda ere, hurrengo pentsamendua da ea zer izan zitekeen estadio hori bera, ikuslez beteta. Zer-nolakoa izango litzatekeen estadioko giroa, hunkidura kolektibo batekin.

Pandemiaren eragina da. Jende pilaketak saihestea eta distantzia ekarri ditu, besteengandik urrundu beharra. Zuzenekoaren, hemenetaorain-aren galera eta murrizketa. Izan harremanak, izan ekitaldiak. Kontzertuak, antzerkiak, bestelako emanaldiak... Emozioen galera. Atmosfera, energia, Olinpiar Jokoetako zenbait kazetarik behin eta berriro aipatzen duten moduan.

Sentsazio ederra da oilo ipurdia jarri zaizula sentitzea. Ea noiz bihurtzen dugun ohitura berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.