Agian, Bilboko jaietatik porru eginda datorren gaupasero bat izango zara, eta zutabe hau irakurtzen ari zara autobus edo trenean loari aurre egiten diozun bitartean. Marijaiaren abestia eta txosnetako musika—azken 30 urteetan aldatu ez den hori— burutik kendu ezinda zabiltza, hamar itsasgarri daramatzazu soinean, eta Olinpiar Jokoetan atzo zer demontre pasatu zen bila zabiltza. Edo, akaso, jada espabilatu zara, eta almortzua egiten ari zara. Lehen eguna eta dagoeneko kristo eginda, eta errukiz begiratzen diezu hamar egunez jo eta fuego ibiliko diren parrandazaleei.
Marijaiaren abestiak dio Aste Nagusi bakarra dagoela munduan, eta hamar egun dituen bakarra dela. Nor naiz ni bilbotarkeriak ezbaian jartzeko? Baina Olinpiar Jokoak ere kontuan hartzekoak dira alde horretatik. Jokoak bi Aste Nagusi kateatzea bezala da, hamazazpi egun dituzten munduko bi aste bakarrak baitira. Bilbon Marijaia dute, eta Rion, Corcovadokoa, paralelismo gehiago. Zorionez, baina, bi Aste Nagusien elkarketa lau urtean behin bakarrik gertatzen da.
Bada, gaupasero maitea, izan ezazu nire elkartasun guztia, ni ere zu bezala bainago orain. Leher eginda, baina jaiekin gozatu izanaren sentsazio atseginarekin. Eta, egia esan, pena dut Bilboko jaiak zapalduko ez ditudalako, eta ez dudalako Hordago Abanteko txosnako kazetarien txanda egingo. Gurasoek ere gustuko zituzten Bilboko jaiak eta geneetan zetorkidan maitasun hori. Aurten, baina, kale egingo diet. Tira, baina, justifikatua dago. Olinpiar Jokoek ondo merezi zuten, hau ere parranda latza delako. Esan bezala, orain ni naiz azken txanpan sartuta dagoena azken lerro eta bideoak bidaltzen. Aurki ni izango naiz busean jota joango dena. Hori bai, Ipanemako hondartzara bidean, tripaz gora egotera.
RIO16. IPANEMAKO MUTILA
Bi Aste Nagusi jarraian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu