Koronabirusa

Hego Euskal Herrian ez da gaixorik hil azken 24 orduetan

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute PCR bidezko positiborik atzeman, hiru hilabetean lehen aldiz. Hamar lagun ospitaleratu dituzte

Gurutzetan (Barakaldo) gaixo bat artatzen, maiatzaren 13an. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Andoni Imaz.
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Maiatzaren 24an gertatu zen lehenengoz, eta berriz bildu dute datu bera: Hego Euskal Herrian ez da inor hil koronabirusaren eraginez azken 24 orduetan. Gainera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute positiborik atzeman PCR proba eginda. «Pandemia hasi zenez geroztik, lehen aldiz eman dezakegu albiste hau», esan zuen Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo, Gasteizen, prentsaurreko batean. Nafarroan bost kasu detektatu dituzte, aurreko egunetan baino gutxiago. Hiru egun dira Nafarroan COVID-19a gaitzaren eraginez inor ez dela hil.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hamahiru pertsonak eman zuten positibo serologia bidezko test azkarretan; horiek iraganeko infekzio bat adieraz dezakete. Nafarroan, berriz, beste lau pertsonari detektatu zizkieten birusaren aurkako antigorputzak. Dena dela, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuak ez datoz bat Espainiako Osasun Ministerioak emandakoekin. Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, PCR bidezko 13.518 positibo atzeman dituzte; ministerioaren arabera, 13.511. Nafarroan, handiagoa da aldea: Osasun Departamentuak 5.299 kasu zenbatu ditu, eta ministerioak, 5.259.

2.066 lagun zendu dira

Joan den astean, koronabirusaz kutsatutako 45 lagun hil ziren Hegoaldean. 2.066 pertsona zendu dira ia hiru hilabetean; martxoaren 4an erregistratu zuten lehendabiziko hildakoa, Bizkaian.

Ospitaleetako egoera ere asko apaldu da, baina ZIU zainketa intentsiboetako unitateen egoera ez da asko baretu: egun, 29 pertsona ari dira artatzen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetako ZIUetan, bezperan baino bi gehiago; Nafarroan, 11, bat gehiago. Igandean, birusaz kutsatutako hamar lagun ospitaleratu zituzten, eta 277 pertsona daude erietxeetako geletan: 74 Araban, bezperan baino hiru gehiago; 117 Bizkaian, sei gehiago; 35 Gipuzkoan, lehen bezala; 51 Nafarroan, bat gehiago.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, koronabirusaren proban positibo eman dutenen %83 osatu dira dagoeneko, 16.510 lagun. Nafarroan, gaixotutako 6.012 pertsonari eman diete sendagiria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.