KRITIKA. Musika

Eguberriko kontzertu on bat

2014ko abenduaren 24a
00:00
Entzun

BOS

Zuzendaria: Victor Pablo Perez.Abesbatza: Bilboko Koral Elkartea.Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Eguna: Abenduak 19.

Bilboko Orkestra Sinfonikoak musikaldi ona eskaini zigun Victor Pablo Perez batuta jakintsuaren aginduetara, Bilboko Koral Elkartearen parte-hartze sendoarekin batera eta bakarlari aproposekin, denboraldiko zazpigarren kontzertuan. Izatez, Wolfgang Amadeus Mozart-en Exultate, Jubilate motetea ez da propio Gabonetakoa, erlijiosoa baino gehiago operako ezaugarriak dituen lana baita, eta abesteko daukan zailtasunagatik instrumentuekin jotzeko aproposagoa ematen duelako. Baina Marta Matheu soprano katalanak ondo gainditu zituen partiturak dituen edozein motatako gorabeherak. Izan ere, sopranoak ahots hotza eduki arren —goietan batez ere—, abesteko teknika handia erakutsi zuen ondo gaindituz jauziak, gurguiluak eta eskalak, eta lerro kantua egoki zabalduz. Bilboko orkestra, berriz, ganbera orkestra bihurtuta, ziur aritu zen maisuaren eskuetan, musikariak elkarrekin ondo lotuta zirela. Felix Mendelssohn-en Lobgesang izeneko sinfonia-kantata ere ez dago Eguberrirako eginda bereziki: kristauen aldetik, Jainkoari esker ona eta laudorioak adierazteko asmatua dago ezerezaren ilunpetatik ateratzeagatik eta bizitzeko arima-argitasuna emateagatik, hain zuzen. Baina, tira, lan handia da, eta dataz gozatzeko aukera paregabea ematen du, abesbatza eta orkestra handiekin entzuteko, organoa barne. Kantata horretan bada, zuzendariak esku eskuinarekin askotan, ederto kontzertatu zituen abesbatza eta orkestra bai harmonia horizontalean eta bai bertikalean eginda dauden pasarteak osotasunaren itxura emanez lanari. Bilboko Koral Elkartea indartsu aritu zen ponposoak ziren pasarteetan; eskarmentua erakutsi zuen zati fugatuetan eta maitasuna lerro kantuan; esaterako, 8. zatian, koralean, hain justu. Matheuk lehengo ontasunari atxiki zion oraingoa; Maximilian Schmittek tenor spintoaren ahots boteretsua atera zuen tesitura baxuan mugitzen den partitura, oso ondo, eta gure Maite Arruabarrenak ahots bero eta zabalarekin ondu zuen bere parte-hartze laburra.

Kategoriako Haurtxo txikia-rekin, Gabonak oparitu zizkiguten orkestrak, koruak a bocca chiusa eta sopranoen duetto hunkigarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.