Donostiako Nazioarteko 64. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Amodio iheskorra

Beñat Eizagirre Indo.
2016ko irailaren 24a
00:00
Entzun

'Porto'

Zuzendaria: Gabe Klinger. Herrialdea: Portugal-Frantzia-AEB. Iraupena: 75 minutu.

Anton Yelchin duela hilabete batzuk zendu zen, 27 urte besterik ez zuela. Star Trek saga ospetsuaren azken filmetan parte hartzeagatik ezaguna zen batez ere, baina drama erromantikoetan ere ikusi ahal izan dugu, Drake Doremusen Like Crazy (2011) lan ospetsuan, besteak beste.

Porto Gabe Klinger estatubatuarraren lehendabiziko fikzioko filma Zuzendari Berriak sailean estreinatu da, eta Jim Jarmusch AEBetako zinema independentearen maisuetako baten babesari esker gauzatu zuen proiektua. Eta esan bezala, Yelchinek bertan parte hartu du Jake pertsonaiari bizia emanez. Alabaina, emaitza ez da pentsa zitekeen bezain ona. Egia esan, ez da lan makala maitasun istorio ahaztezin bat zinemara moldatzea, eta Richard Linklater ospetsuaren Before Sunrise gogora ekartzen duen arren, ez dio itzalik egiten. Maitasun istorioa sinesgarria gertatzen da, bi ezezagunen arteko istorio iheskorraren kronika baita, eta hori beti eskertzekoa izaten da. Hala ere, istorioak ez du zirrararik eragiten. Egilearen tesia interesgarria da, eta garapena guztiz sinesgarria gertatzen da, egungo gazteen artean jazotzen diren maitasunezko istorio labur eta liluragarrien adibide garbia baita, baina istorioak ez du ikuslea harrapatzeko adina indarrik.

Linklaterren saga ospetsuaz gain, Marc Webb zuzendariaren (500) Days of Summer gisako lanek tesi berbera modu erakargarriagoan defendatzen dute. Protagonisten artean bat-bateko eta egundoko lotura sortuko da, baina oharkabean berriro bi ezezagun bilaka daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.