Pastor
DARWIN ETA GU

Guraso frustratuak Hawaiin

2021eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Urtero 25.000 ume inguru jaiotzen ziren gurean pandemiaren aurretik —Euskal Herri osoan, ez soilik gure EAEn. Eskerrik asko, Gaindegia—. 25.000 haur urtean. Ume horien zenbat aita edo amari damutuko zaie, urteak aurrera joan ahala, gurasotasuna aukeratu izana, jende aurrean aitortu ez arren?

Gaia hedabideetan azaltzen hasia da. Courrier International aldizkari frantsesak jorratu du asteon, The Atlantic hedabide estatubatuarraren artikulu bat oinarri. Datuak: 2013an Gallup institutuak ikerketa bat egin zuen AEBetako 45 urtez gorako gurasoen artean. Hutsetik hasiz gero, zenbat haur ekarriko zuten mundura galdetu zien. Horietako %7k «bat ere ez» erantzun zuten. 2016an antzeko inkesta bat egin zuten Alemanian. «Berriro aukera izango banu, ez nuke umerik izango» adierazpenarekin «guztiz ados» zeudela erantzun zuten gurasoen % 8k. % 11k, gainera, horrekin «nahiko ados» zeudela esan zuten. Ekaineko ikerketa baten arabera, britainiarren % 8 damu dira umeak izateaz. Beste alde batetik, Varsoviako unibertsitateko psikologia irakasle Konrad Piotrowskik egindako bi ikerketaren arabera, berriro umerik ekarriko ez luketen gurasoen portzentajea %11 eta %14 bitartekoa da Polonian. Oro har, gurasoen % 10 izango dira han-hemenka pentsamendu hori buruan dutenak. Milioika guraso munduan.

Anonimatuan egindako adierazpenak ere aipagarriak dira. Carrie deritzon andre britainiar batek, adibidez, ez du arazorik esateko seme-alabak maite dituela, baina berriro hasteko aukera izango balu, ez litzatekeela inolaz ere ama izango. Batzuetan, Hawaiin bizi den lagun batengana joateko asmoa duela esan du Carriek, «handik inoiz ez itzultzeko».

Oso gutxitan galdetzen zaie gurasoei mundura umeak ekarri izanaz damu ote diren. Ama edo aita batek nekez aitortuko dizu damu hori. Etxea, lana, autoa eta antzeko kontuak aukeratzen ditugunean ez dugu arazo handirik gero, urte batzuk igarota, erratu egin ginela esateko, hautu okerra egin genuela, alegia. Umeen kontua, ostera, sakratua da. Tabua. Inor gutxi ausartzen da horri buruz hitz egitera. Guraso batzuk frustratuak dira, ama edo aita izateak espero zutena ekarri ez dielako, baina ez dute hori aitortuko. Gizarteak epaituko dituen beldur dira. Besteen aurrean ia munstro agertuko diren beldur.

Bi ei dira umeak ekarri izanaz damutzeko arrazoi nagusiak. Gehiegizko zama eta erantzukizuna izatearen sentsazioa da horietako bat. Gurasoak erreta daude. Burn-out sindromea dute. Multzo horretan ez dira gutxi izaera perfekzionista dutenak, beraien buruari larregi eskatzen diotenak. Bigarren arrazoia hauxe dugu: guraso horiek inoiz ez zuten bene-benetan umerik nahi izan. Aukera hori ez zegoen haien lehentasunen artean. Bizitzaren ibaiak arrastaka eroan zituen eta orain itota daude damuaren ozeanoan — «bazen garaia», esan zidan lagun batek bere ahizpa lehen aldiz haurdun zegoela jakin eta gero. Bera ezkondua da, baina ez du haurrik. Inoiz ez diot galdetu zergatik—. Presioa, zuzen edo zeharka, bikotekidearen aldetik ere etor daiteke. Orna Donath soziologo israeldar eta Regretting Motherhood: A Study —Amatasunaz damu: ikerketa bat— liburuaren egileak umeak izateaz damu ziren hamar guraso elkarrizketatu zituen. Haietako bik esan zuten bikotekideari plazer egiteko erabaki zutela haurrak ekartzea.

Korapilatsua da kontua. Adituen ustez, gaiari buruz hitz egitea onuragarria izango litzateke ataka horretan dauden gurasoentzat. Hala ere, auziaren zama emozionalak, gurasoen eta haien senideen artean eragin ditzakeen ika-mikek —batez ere, seme-alabekin— ez dute laguntzen. Nor ausartuko da, bada, Seme-alabak izateaz damu diren Euskal Herriko gurasoen elkartea sortzera? Gaia ezkutatu egiten dugu, baina hor dago. Beraz, gurasotasunak dakarren zoriontasunari buruz hitz egiten digutenean, baietz esan, baina ez ahaztu: Euskal Herriko gurasoen % 10 inguru gustura asko joango lirateke Hawaiira, lagun bat bisitatzera. Handik inoiz ez itzultzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.