KRITIKA. Musika

Hemen nago

Robert Treviño, EOSeko zuzendari berria, herenegungo kontzertua prestatzeko entseguan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Arkaitz Mendoza.
2017ko urriaren 15a
00:00
Entzun

EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoa



Zuzendaria: Robert Treviño.Egitaraua: Joanes Brahms, Leonard Bernstein eta Gustv Mahler. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Urriak 13.

Itxaropena, ikusmina, urduritasuna eta gogo ziztrinak tonaka pilatzen zitzaizkigun Euskadiko Orkestrak aukeratu berri duen zuzendari berria ezagutzeko. Hasi bezain pronto, askotan bazterrean galduta uzten dugun plazer sentsaziorik gozagarriena eskatu zuen Robert Treviño zuzendariak: isiltasuna. Hortik aurrera, Iruñeko Orfeoiaren kemenak Johannes Brahmsen Patuaren Kanta geldo eta zerutarra burutu zuen, batuta lasai eta entregatu baten irizpideetan murgilduta. Emakumeak, larri, nota luzeetako lilura mantentzean, eta gizonezkoak, indar faltan, ahoskera eta Brahmsen silabatze boteretsuetan. Belaunaldi hobeak bizi izan ditu Orfeoiak, freskotasuna falta da ahotsetan, eta ziurtasun puntu bat ere bai beren interpretazio asmoetan.

Auditoriumeko begi guztiak Treviñorengana zuzentzen ziren, hala ere. Besoa solte, bizkarra tente eta, batez ere, eman, eman eta eman. Musikariak ez zituen bakean utzi, musika bakoitzak dakarren intentsitatea une oro nahi zuen, orkestra bereziki astinduz, askatasuna eta zorroztasuna aldi berean eskatuz. Gertutasuna ere azaldu zuen, Markel Murillo haurrak heldutasunez oparitu zigun Leonard Bernsteinen Chichesterreko Salmoak-en, bakarlariari txalo zaparrada berezia eskatuz. Orkestra noraino birmolda daitekeen azpimarratzeko, baina, Gustav Mahlerren LehenengoSinfonia bereziki egituratu zuen Treviñok. Musikari bakoitzaren gaur egungo maila begibistan antzematen da lan horretan. Haize egurra batutaren su gartsutik urrun, metalak gorantz —bereziki tronpa saileko aurpegi berriekin—eta perkusio taldea fin, batez ere tinbalaren pultsu mugiezinean. Treviño dastatzen joan zen Sinfonia, lasai asko —gehiegi une batzuetan—, notak edonora jaurti beharrean, ahoskatze ederra eskatzen zien bere musikariei. Neke pintzelkadak eta hutsegite tuntunak alde batera utzita, Treviñok «hemen nago» egin du deiadar, bere kartak mahai gainean barreiatuz. Musikarien txanda da orain. Karta horiekin jokaldi on bat egiteko gai diren ikusi behar da. Oraingo, puxtarri batzuk irabazi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.