Euskadi Irratiak iaz baino 51.000 entzule gehiago ditu

EGMren arabera, euskarazko irratiak 131.000 entzule ditu Hego Euskal Herrian eta eragin esparruan. 2010. urtetik izan duen daturik onena da

Maite Artolak Albiste faktoria saioa gidatzen du goizero Euskadi Irratian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2017ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Entzule datuetan sekulako gorakada izan du Euskadi Irratiak, Komunikabideen Azterketa Orokorraren urteko lehen neurketaren arabera. Iazko apirilean, EGMk Euskadi Irratiari 80.000 entzule ematen zizkion astegunetan Hego Euskal Herrian eta eragin esparruan —inguruko erkidegoetan—. Aurten, sasoi berean, 131.000 entzule eman dizkio EGMk euskarazko irratiari, iaz baino 51.000 gehiago. 2016. urtea bere osotasunean hartuta, irrati publikoak 91.000 entzule izan zituen. 2010. urtez geroztik ez du halako datu handirik lortu Euskadi Irratiak.

Urko Aristi EITBko irratietako zuzendariordeak tentuz hartu du datua: «Kontuan izan behar da EGMrena lagin txikia izaten dela, eta EITBk CIESen inkestei kasu gehiago egin ohi die. Errealistagoak izaten dira CIESen datuak». Edonola ere, aitortu du lortutako datuak bere onurak dituela: «Publizitateari begira, adibidez, oso ona da. 100.000 entzuleren muga psikologikoa gainditzea primerakoa da enpresen publizitate kontratazioari begira. Datu horiekin handitzat hartzen gaituzte. Beste pisu bat duzu». Edonola ere, talde barneko erabakiak normalean CIESen datuen arabera hartzen dituzte.

EITBko beste irratiek ere datu onak lortu dituzte: Gazteak astegunetan 109.000 entzule ditu, Radio Euskadik 199.000, EITB Musikak 37.000 eta Radio Vitoriak 26.000. Radio Euskadik gorakada izan du iazko datuekin alderatuz. Iaz sasoi bereko neurketarekin alderatuz, 18.000 entzule gehiago ditu gaztelaniazko irrati publikoak. 2016. urte osoa aintzat hartuta, Radio Euskadik 179.000 entzule izan zituen. Horrenbestez, 20.000 entzuleko gorakada bat izan da urteko lehen hilabeteetan.

EITB taldeko irratiak eta telebista kateak batuz gero, astelehenetik igandera 1.169.000 entzule eta ikus-entzule dituzte.

Hego Euskal Herrian, SER irratia da entzule gehien duena, alde handiz: 334.000, astelehenetik ostiralera. Radio Euskadiri 135.000 entzule ateratzen dizkio. SERen entzule horietatik 80.000 Nafarroan lortzen ditu, eta foru erkidegoan azkeneko urtean 10.000 entzule gehiago ditu.

Irrati formulen artean, Hego Euskal Herrian entzule gehien duena Los 40 da: 146.000. Horietatik 31.000 Nafarroan.

Entzule gehien duen irratsaioa SEReko Hoy por Hoy da —Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 174.000 jarraitzaile—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.