Arnaldo Otegi aske. Irteera

Irribarretsu, eta are independentistago

Sei urte eta erdiko espetxealdiaren ostean, aske da Arnaldo Otegi. Estrategia aldaketarekin hasitako bidea «azken muturreraino» eraman behar dela nabarmendu du irteeran

Hodei Iruretagoiena.
Logroño
2016ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Libre da Arnaldo Otegi. Irribarretsu atera da, sei urte eta erdiko kartzelaldiari aurre eginda. Irribarretsu, eta «are eta euskaldunago, independentistago, sozialistago». Senideek urteotan hara eta hona ibilitako poltsa eskuan, eta Hegoafrikako bandera poltsan itsatsia. 08:30 pasatuta, mugimendua sumatu da kartzela barrenetik. Ziega bateko leihoan, Realeko bandera, agur keinu gisa. Eta oihuak, ia espetxe osotik, Otegiren kaleratzearen seinale. Tartean, «Free them all, free them all». Hogeita bost minutu pasatzerako zen presondegiko atean, eskua gora jasota.

Oihuka eta txaloka hartu du jendeak: «Independentzia», «Jo ta ke, irabazi arte», «Presoak kalera, amnistia osoa»... «Otegi, gudari, lehendakari» ere bota du bakarren batek. Lehen besarkada, senideei: semea, alaba, emaztea eta aita zituen zain, lore sorta batekin. Ikurrin eta preso eta iheslarien aldeko bandera artean egin du, kazetariz inguratuta, kanpoan jarritako oholtzarainoko bidea. Nazioarteko elkartasuna ere ikusi da hiru ordu laurden inguru iraun duen ibilbidean: Andaluziako ikurrak, Vallecaseko (Madril) jendearenak, Herrialde Katalanetakoak...

Kartzela atzean zuela, agurra dantzatu diote lehendabizi Otegiri, espetxetik 200 bat metrora jarritako oholtza batean. Ezker ukabila zerurantz jasota, «Gora Euskal Herria askatuta» esanez hasi ditu Logroñoko (Errioxa, Espainia) kartzelatik irten ondoko lehen hitzak, dozenaka kamera aurrean zituela. «Batzuek esaten dute Espainiako Estatuan ez dagoela preso politikorik. Bakarrik kamera horietara guztietara begiratu behar duzue frogatzeko badirela, bai, Espainiako Estatuan. Halakorik ez da ikusten preso sozialak ateratzen direnean, halakorik ez da ikusten immigranteak kanporatzen dituztenean», esan du, aurrean bildutakoen txalo zaparrada eraginez. «Halakorik ez da ikusten etxeetatik desjabetze prozesuak izaten direnean. Eta ni pozten nau hemen egoteak. Hemen egoteak, esateko bagarela, bai, preso politikoak Espainiako Estatuan; badirela, bai, preso politikoak Espainiako Estatuan». Euskal Preso Politikoen Kolektiboko ia 400 preso geratzen dira oraindik kartzeletan.

2009ko urriaren 13an eraman zuten ezker abertzaleko buruzagia Donostiatik, beste hainbat lagunekin batera. Hala azaldu du berak: «Kartzelatu gintuzten bakearen aldeko apustua egiteagatik. Sei urte hauetan, berretsi egin dugu apustu hori. Eta mila esker eman nahi dizkizuet guztiei sostengatu duzuelako halako apustu bat. Horregatik, zorionak guztiei».

«Herria» lehendakari

Bakearen bidea ez ezik, ezker abertzalearen ideiak ere goraipatu ditu: «Euskaldun gisa sartu gintuzten kartzelara, eta euskaldun gisa ateratzen gara. Euskaldunak gara, eta harro gaude. Independentista gisa sartu gintuzten kartzelara, eta are independentistagoak gara atera garenean. Sozialista gisa sartu gintuzten kartzelara, eta are sozialistago atera gara kartzelatik». Ideia horien konbentzimenduz, gogotsu aipatu du aurrean duen erronka ere. «Orain, tokatzen dena da irekitako bidean sakontzea, eta irekitako bide hori azken muturreraino eramatea. Etxera preso guztiak. Independentzia». Bezperan The New York Times egunkariak argitaratutako albistea gogoan bukatu du hitzaldia: «Lehendakaririk onena Euskal Herrian, herria. Gora zuek».

08:55ean irten da Otegi, baina zazpietarako mugimendu handia zegoen kartzela atarian. Dozenaka kazetari, politikariak, kultur munduko jendea... Autobuskada bat ere etorri da Elgoibartik (Gipuzkoa), herrikideari harrera egitera.

Espetxe atarian izan da, esaterako, Sortuko presidente Hasier Arraiz. Alderdia eratu eta kargu hori duenetik, lehen aldiz agurtu du kalean Otegi. Ezker abertzaleko ordezkari ugari ere bildu dira: Joseba Permach, Tasio Erkizia, Marije Fullaondo, Iñigo Iruin, Pablo Gorostiaga, Amaia Izko... Baita EAko idazkari nagusi Peio Urizar, Aralarreko Rebeka Ubera, Alternatibako Oskar Matute, CUPeko parlamentari eta parlamentari ohi Anna Gabriel Sabate eta David Fernandez, ERCko senatari Santi Vidal, Lluis Llach eta Fermin Muguruza kantariak...

Oholtza gaineko lanak bukatuta, aurkitu du tartea Otegik horiek denak agurtzeko. Baita harekin batera atxilotu eta zigortutako Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez besarkatzeko ere. Andaluziako lagunekin argazkia atera ostean, Rafa Diezen senideentzat gorde du azken agurra—Bateragune auziagatik dute preso LABeko idazkari ohia ere; urtebete baino gehiago falta zaio zigorra betetzeko—, eta furgoneta batean hartu du Euskal Herrirako bidea. Elgoibarren egin diote harrera arratsaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.