Kritika eta ilusioa, bat

Roberto Olabek esan du «esperantzarekin» bizi duela Realaren bilakaera. Futbol zuzendariak esan du Imanol «gidaririk onena» dela

Roberto Olabe, hizketan, atzo, Zubietan eman zuen prentsaurrekoan. MANIX DIAZ DE RADA / REALA.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Realeko futbol zuzendari Roberto Olabek «esperantzarekin» bizi du taldearen bilakaera. Atzo agerraldia egin zuen Zubietan, eta, gehienbat, Imanol Alguacilen taldearen inguruan mintzatu zen: «Ilusioa dut ligako azken herenari dagokionez; exijentziaz ekin diogu, konformistak izan gabe, eta, gauza onei erreparatuz ez ezik, besteak hobetu nahirik».

Gasteiztarraren esanetan, jokalariek orain «argiago» dute nola lortu emaitza onak: «Hobe litzateke Valentziaren aurkako lehen zatiaren, derbiaren edo Espanyolen aurkakoaren bezalako une on gehiago izango bagenitu, baina, ikusitako on guztian oinarrituta, geratzen denaren esperantzaz nago». Datozen lehietan «inoiz baino inkonformistago» izateko beharra azpimarratu zuen.

Olaberen iritziz, taldearen «onerako» izan da Imanolek Asier Garitanoren lekua hartu izana, eta kritikari lekua egin zion, erabakia bere eginda: «Haren etorrera nire gain hartu nuen bezala, gauza bera egin dut haren irteerarekin ere». Olaberen ustez, Garitanorekin «ez genuen ez errendimendu kolektiborik, ez indibidualik izan. Niretzat [Garitano] kaleratzeko erabakia mingarria bezain beharrezkoa izan da. Gaur-gaurkoz, belaunaldi honentzat ez dago Imanol baino entrenatzaile eta gidari hoberik. Etenik gabe hazten ari da».

Joan zen udan egindako fitxaketen inguruan ere mintzatu zen. Mikel Merinoren, Sandro Ramirezen eta Theo Hernandezen inguruan esan zuen «egunerokoan konprometituta» ari direla, eta ondo hartu dituztela gainontzeko taldekideek: «Lehia sortu dute, baina ezin ditugu xabalina jaurtitzaileak balira bezala aztertu».

Neguko merkatuan beste bi jokalari lotu ditu Realak; atzelari bat, Modibo Sagnan frantziarra, eta atezain bat, Moises Ramirez ekuadortarra: «Merkatuari aurre hartu nahi diogu, behar ditugun gaitasunak dituzten jokalariak ekarrita. Ez datoz belaunaldi aldaketak utziko dituen zuloak estaltzera». Sagnan jokalari «azkarra» dela esan zuen, eta «datorren sasoian» batuko dela taldera. Ramirez, berriz, duela pare bat hilabetetik «lotua» zuen klubak, eta «proba bat» egin ostean erabakiko dute taldean geratuko den ala ez.

Bi kontratu berritze

Realak atzo jakinarazi zuen Kevin Rodriguesek eta Robin Le Normandek 2022ra arte luzatu dituztela kontratuak: «Klubaren egiteko era da. Kevinen postua betetzea ez da erraza egun, eta pixkanaka ari da taldean sendotzen. Robin, berriz, isilik iritsi zen, eta bere errendimenduarekin erakutsi du prest dagoela». Ezker hegaleko atzelariak beste bi urterako berritu du, eta erdiko atzelariak, beste hiru urterako.

David Zurutuzaren kontratua berritzeko prozesuari dagokionez, Olabek zehaztu du «berez erabakitzeko aukera» irabazi duela: «Ondo ari da jokatzen, eta ikusiko dugu zer egiten duen». Ekainaren 30ean amaituko zaio kontratua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.