ana galarraga aiestaran
Zientzia. ARGI ALDIAN

Beste errei bat gizartera iristeko

2021eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Duela astebete, hauxe baieztatu zuen Science aldizkari zientifiko ospetsuak bere editorialean: «COVID-19ak munduari erakutsi dio zer egin jakiteak ez duela bermatzen dakiguna egitea».

COVID-19a baino lehenago ere agerikoa zen arrazoiak eta irtenbideak zientifikoki frogatuak izateak ez dakarrela, inondik inora ere, haien arabera jokatzea. Klima larrialdia adibide nabarmena da.

Nolanahi ere, editorialak osasunean jartzen du fokua, eta salatzen du askotan jendeak uko egiten diela prebentzio-neurriei eta tratamenduei, nahiz eta eraginkorrak direla frogatuta egon. COVID-19aren kasuan, adibidez, aipatzen du, txerto seguruak eta eraginkorrak garatu diren arren, estatubatuarren bi herenek baino ez dutela jaso lehen dosia. Neurri ez-farmazeutikoei dagokienez ere, jakina bada ere maskara janztea eta urruntzea baliagarriak direla transmisioa eragozteko, askok axolagabe jokatzen dute, eta neurrien kontra ere egiten dute.

Science-ren arabera, halako portaerak porrotaren erakusgarri dira, eta hitzez hitz dio, horri aurre egiteko, zientziak beste errei bat gehitu behar duela gizartera iristeko errepidean. Hain zuzen, inplementazio-ikerketa falta dela irizten dio. Ez da nahikoa prebentzioan eta tratamenduetan ikertzea; laborategian lortutako emaitzak nola gizarteratu ere aztertu eta landu behar da, katebegi guztiak aintzat hartuta, osasun-profesionaletatik hasi eta azken erabiltzailera arte.

Adibide bat baino gehiago ematen ditu editorialak, tartean, hiesari aurre egiteko estrategia bat, Afrikan. Hain zuzen, ikusi zuten gizonezko helduen zirkunzisioak asko murrizten zuela GIBaren transmisioa. Alabaina, nahiz eta Osasunaren Mundu Erakundeak eta beste eragile batzuek neurri hori ezartzeko finantzaketa eta baliabideak bideratu zituzten, ez zuten lortzen gizonek kirurgia txiki hori onartzea. Tanzanian, ordea, saiakera bat egin dute artzainen bitartez. Haiek alde jartzea lortuta, gainerako gizonek ere kirurgia onartzea lortu dute, komunitatearen liderrak baitira. Horrenbestez, frogatu dute gizarte-eragileekin lan egitea oso eraginkorra dela.

COVID-19arekin gertatutakoak galdera hauek egitera eraman beharko gintuzkeela uste du editorial-egileak: zer estrategiak dute arrakasta txertoaren onarpenean, bideragarritasunean, leialtasunean, ekitatean eta hedapenean? Marketin sozialeko zein mezu dira eraginkorrenak? Zein dira iritzi-lider onenak?

Galdera gehiago gehitu daitezke; edozein modutara, erantzuna emateko ezinbestekoa da diziplina askotako adituen parte hartzea: komunikazioa eta marketina, antropologia, ekonomia, gizarte-psikologia, soziologia... Horiek guztiek aurrerapen zientifikoen sortzaileekin batera ikertzeko eta lan egiteko sail bat sortzea proposatzen du editorialak, aurrerapen horiek gizartera iristeko modu eraginkorrenak aztertzeko eta ezartzeko. Izan ere, aurkikuntza zientifikoa ez da amaiera, abiapuntua baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.