Felix Iriarte.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Begiradak

Biren kontua

2012ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Zenbat aldiz amestu dugun egun honekin, behingoz bazterketarik gabeko hauteskundeak izango ditugu. Lau edo bost alderdi eserlekuak okupatzeko aukerekin, baina bi hautagai bakarrik Ajuria Eneko jauregian Patxi Lopezen lekua hartzeko, biak abertzaleak: IƱigo Urkullu eta Laura Mintegi. Basagoitik badaki ez duela aukerarik izango moketa zapaltzeko, eta Patxi Lopezen laguntzaileak hasi dira jada haren diskoak eta bestelako material guztia biltzen.

Faboritoa, Urkullu jeltzalea. Ibarretxeren ondorengo zikloa kudeatzea egokitu zaio, eta bilatu du nahi zuen lekua. Egia da Kataluniatik datorren haize subiranistak lekuz kanpo harrapatu duela, jeltzaleen penduluan kontu horiek indarra galtzen ari baitziren. Beste eredu bat behar zuen EAJk, Ibarretxerena iraganekoa baita. Eta aurkitu du. 2015. urtean kontsulta egiteko prest azaldu da, betiere Legebiltzarrean adostasun zabal bat lortuko balitz erabakitzeko eskubidearen inguruan. Gutxi ala asko, buruzagi jeltzaleak uste du nahikoa izango dela Laura Mintegik ez dezan boto-poltsa bete bere hutsuneari esker. Gainera, Urkulluk dio datozen 30 urteak jokoan daudela; hau da, ekonomia krisia gainditzeko eskarmentuko lehendakaria eta alderdia behar direla; bera eta EAJ, jakina. Eskerrak Urkulluk ez duela Chavez Venezuelako presidentearen hitz-jarioa. Hango bozetan bizia dagoela jokoan adierazi du.

Mintegiri, faboritoen zerrendan bigarrenari, ez diogu entzun ezer urriaren 21ean jokoan dagoenari buruz. Esango nuke pentsatzen duela Chavezena gehiegi esatea dela, eta Urkullurena bigarren mailan geratuko dela independentziaren aldeko bidea sendotzen bada ezker abertzalearen presentziarekin; eta ematen du hala izango dela. Kataluniako haizeak lagunduko dio, dudarik gabe.

Lopez eta Basagoiti ez daude faboritoen zerrendan. Badakite, amore eman dute, eta beren helburu nagusia galerak murriztea besterik ez da. Entzun besterik ez dago kanpainako lehen egun hauetako diskurtsoak. Sozialistak normaltasunari heltzen dio, iraganeko hiru urte luzeak herri honek bizi izan dituen onenak izan balira bezala, eta errepikatzeko sekulako ilusioa egongo balitz bezala. PP-PSE itunak huts egin zuen lehen egunetik, abertzaletasuna baztertzeko ituna zelako, bi alderdien interesen araberakoa ez herritarren beharrei lotutakoa. Itun horrek jokoz kanpo utzi du Patxi Lopez, eta ordainduko du. Gutxirako balioko dio ezkerreko ohiko diskurtso sozialistak; berandu da horretarako.

Basagoitirena ere ez da gutxiagorako. Arerioak besterik ez ditu ikusten. Rosa Diezen UPD, batetik, etxe barrura hobe ez begiratzea, Moncloara are gutxiago...Gaindituta dago, botoak alde guztietatik galtzeko arriskuan, eskuineko zuloa estaltzen saiatzen ari da. Raxoi eta Esperanza Aguirre eskuin-eskuineko alderdikidearekin argazkia atera behar izan du. Nork esango zien Lopezi eta Basagoitiri ETAren ondorengo hauteskundeetan aukerarik gabe aurkeztuko zirela, baina hala dela onartzen hasi dira jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.