Albistea entzun

Telesailak

Itxaropenaren lurpeko trenbidea

'The Underground Railroad' estreinako telesaila plazaratu du Barry Jenkins zinemagile estatubatuarrak. 2017an Oscar sarietako garaile nagusia izan zen, 'Moonlight' filmarekin
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Yarza Artola -

2021eko maiatzak 22

Mundu zabalean egin zen ezagun Barry Jenkins duela lau urte. Moonlight argitaratu eta Hollywoodeko loria dastatu zuen: film eta gidoi egokitu onenaren Oscar sariak eskuratu zituen ibilbide profesionaleko bigarren film luzearekin.

Floridan jaioa eta hezia da, eta txikitatik ezagutu izan ditu Jenkinsek komunitate beltza eta gizarte bazterkeria, eta horiek bilakatu dira haren filmografiaren ardatz nagusiak. Sentsibilitate horri jarraikiz plazaratu du telebistarako estreinako lana: The Underground Railroad. Fikziozko Pulitzer saria irabazi zuen izen bereko nobelak, eta artista estatubatuarrak telesail formatura egokitu du, AEBetako bi esklabo beltzen istorioa kontatuz. Askatasun egarriz jabeengandik ihes egiten duen bikote baten abentura da.

Estreinatu bezain laster, telebista saioak kritikarien aho batezko gorespena eskuratu du, eta ez da harritzekoa, izan ere, Jenkinsek lehen mailako ekoizpen bat osatu du, beste behin ere. Istorio bikaina da alor formal, narratibo eta emozionalean, eta pantailara eramandako irudiek aparteko indarra dute. Hainbat eszena ikusleen oroimenean iltzatuta geratuko dira.

Sugarretan kiskalitako gizona, haurrak izatea ukatu dioten emakumea eta helduen esanetara zokoratu duten haurra dira kontakizun horretako pertsonaietako batzuk. Hamar atal tematikotan, AEBen genesira jo du Jenkinsek, eta arrazismoaren askotariko aurpegiei erreparatu die. Beltzen zapalkuntza eta nazio estatubatuarraren sorrera zeinen lotuta dauden ilustratu du, eta, ezinbestean, zama politiko erraldoia hartu du pantaila txikirako bere debutak.

«Akaso Amerika ez da sekula handi izan», adierazi zuen berriki Jenkinsek telesailaren promozio biran, Donald Trumpen eslogan entzutetsuari erreferentzia eginda. Hein batean, haren fikziozko nobedadea efektu kolpe bat da errealitate gordinaren aurrean; modu zuzenean erantzun dio azken urteotan AEBetan zein mundu zabalean suspertu den eskuin muturrari. Baina, aldarrikapen mezuetatik urrun, esklaboen bihotzera gerturatzean topatu du telesailak distirarik argitsuena, politikaren lokatzetatik irten eta sentimenduen ozeanoan murgildu denean.

Lur azpiko trenbidea itxaropenaren sinbolo izan da historian zehar; izan ere, egitura hori erabili zuten XIX. mendeko esklabo afro-amerikarrek AEBetako iparraldera eta Kanadara ihes egiteko. Trenbideak, ordea, badu esanahi zabalago bat askatasunaren lurraldean, amerikar ametsaren eta modernitatearen sinbolo izan da luzaroan ikus-entzunezko lanetan. John Forden 1962ko The Man Who Shot Liberty Valance western klasikoa eta Hell on Wheels telesail garaikidea dira horren adibide.

Hurrengo geltokian mundu hobeago bat topatuko zuten itxaropenez, bizia eman zuten milaka amerikarrek. The Underground Railroad telesailean, Barry Jenkins amildegiari begira jarri da. Trenbidearen taupadak neurtzeko ahalegina egin du hortik, errailetan utzi du ausardiaz beteriko autorezko aztarna, eta maisulana aurkeztu du helmugara iristean. Aurtengo pantaila txikiko bidaiarik gogoangarrienetako bat.

'THE UNDERGROUND RAILROAD'
Sortzailea: Barry Jenkins.
Aktoreak: Thuso Mbedu, Joel Edgerton, Chase W. Dillon, Aaron Pierre, Jared Warren.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2021.
Non ikusi: Amazon Prime.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Drama.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Giro atsegina sortu zen Ziburuko plazako karparen azpian. ©GUILLAUME FAUVEAU

Euskarari plaza, elkarlanean

Ekhi Erremundegi Beloki

Jende andana elkartu da Ziburuko IV. Euskal Disko eta Liburu Azokan. Euskarak Lapurdi kostaldean plaza hartzeak duen garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek.

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Egunero galdetu behar da jendea zer moduz dagoen, ez COVID garaian soilik»

Ane Insausti Barandiaran

Adinekoen aldarriak ezkutuan geratzen direla salatu du Berriotxoak. Besteak beste, eskatu du zaintzan bizitza osoa eman duten emakumeen pentsioak igotzeko, baliabide gehiago jartzeko, eta zaintza sistema publikoa eta integrala izateko.
Euskal Herriko gazteek gehiago erabiltzen dute Instagram Whatsapp baino. ©ANDREJ CUKIC / EFE

Instagram da euskal gazteek gehien erabiltzen duten sare soziala

Urtzi Urkizu

Ikusiker lanaren arabera, Euskal Herriko gazteen hamarretik bederatzik erabiltzen dute Instagram

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...