Kattalin Ansorena

«Negar eta barre asko egiten dut bizitzan; onerako eta txarrerako»

Nolako enborra, halako ezpala. Aitak erretiroa hartu, eta alabak lekukoa bereganatu. Mirri Junior izateari utzi dio, Mirri bilakatzeko. Zapi zuria astintzen hasi aurretik saiatu gara Euskal Herriko pailazo zirikatzaileena xaxatzen.

Iñaki Lasa Etura.
2013ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Pailazo eta harro. Kattalin Ansorenak (Donostia, 1986) txikitatik zekien nor zegoen Mirriren atzean: aita. Orain bere aurpegia ikusten du Mirrik ispiluaren beste aldean.

Elkarrizketatuari pailazo esanda has dezakedan lehen elkarrizketa da hau.

Askotan esaten didate pailazo. Ohituta nago jada, eta batzuek iraindu nahi izaten dute horrekin. Hitz gogorragoak badaude! Politikari esatea, adibidez, hori ez nizuke barkatuko!

Elkarrizketa ondo hasteko, erregina deitzen bazaitut, hobe agian. Izan ere,Gehituren kaldereroetako konpartsako erregina da Mirri aurten.

Bai, Donostiako Erdialdean aterako da konpartsa [atzo atera zen]. Erregina izateko eskatu ziguten Txirri, Mirri eta Txiribitoni, baina bakarra aukeratzen dute normalean. Hor dago borrokan Txirri, berak izan nahi duela. Bera izango da erregina ama, eta Txiribiton eta biok printzesatxoak. Txirri, Mirri eta Txiribiton ofizial gisa ateratzen garen lehen aldia izango da, gainera.

Inauterien iragarle dira kaldereroak. Astero pailazo mozorroa jantzita dabilen pertsona izanda, zer mozorro darabilzu Inauterietan?

Denetatik. Egunak falta izaten zaizkit beti. Urte osoan ikusten ditut janzteko moduko mozorroak, eta mutila aztoratuta edukitzen dut, 'Zenbat gauza jantzi behar dituzu?' galdezka.

Haurrentzat sekulako kolpea izaten da Olentzeroren errealitateaz ohartzea. Zuk, baina, txikitatik zenekien pailazoa aita zenuela.

Bai, baina arraroa da. Olentzerorekin antzeko zerbait gertatzen da: hasieran ez duzu konturatu nahi, edo konturatzen zara eta burutik kendu nahi duzu. Ilobari gertatzen zaio orain; hiru urte ditu, eta beti ikusi ditu bai izeba eta bai aitona pailazo jantzita. Mirri ikusten duenean, 'ai, Katta!' edo 'ai, aitona!' esaten du. Pasadizo batez gogoratu naiz; behin, ume batek nire aita ikusi zuen, eta amak esan zion Mirri zela. Etxera iristean, aitarengana joan zen, eta esan zion: 'Aita, Mirri ikusi dugu, gizon arruntaren mozorroa jantzita'.

Nolatan hasi zineten Junior gisa?

Triki Traka, Triki Tron telebista programarekin hasi zen guztia. Ezin ziren antzoki txikietara iritsi, telebistak ezaugarri bereziak behar dituelako. Orduan proposatu ziguten haiek herriz herri ibiltzen ziren moduan ibiltzea gu. Animatu ginen, eta azkenean zerbait atera da, ez?

Aita beti ondoan animatzen?

Erretiroa hartu dute, eta guk noizbehinka laguntza eskatzen diegu. Ez gaituzte estutzen. Ondare jatorra utzi digute. Garaiak aldatu dira, eta badakite gu beste belaunaldi batekoak garela. Gure bidea egiteko esan digute.

Hemendik 20-40 urtera Junior Junior batzuek hartuko dute lekukoa, agian.

Lehen aipatu dizudan ilobak Mirrirenigual-iguala dauka ilea, kizkurra eta kaskagorria. Juanmaren semea gogoz dago Txiribitonena egiteko, hori seguru. Orain Txirri behar dugu, ea Fernandok ekartzen digun bat.

Txiribiton. 40 urte eta hitz egiten ikasi gabe!

Bi Txiribitonak isilik daude oholtzan, baina jaisten direnean, ez dira isiltzen! Bakea ematen dute, ez dakizu ondo!

Nahita egina dago, beraz.

Kixki, Mixki eta Kaxkamelonen garaitik dago pertsonaia mutu bat. Txirri, Mirri eta Txiribitonekin ere hala jarraitu zuten. Ez da beste arrazoi batengatik, nahiz eta ondo etorri zaigun.

Mirriren zein ezaugarri bereganatu dituzu zuk?

Asko, baina jende askok ditu ezaugarri horiek. Pailazoa sentimendua bonba bat da, eta Mirrik jendeak dituen karga emozional horiek biltzen ditu: harrokeria batzuetan, bihozberatasuna eta negar erraza besteetan... Gehiegikeria izugarria da, eta agertoki gainean egiten du eztanda.

Eta Mirrik hartu al du zerbait zuregandik?

Txikitatik Mirri hainbeste ezagutu dudanez, ez dakit. Ni ere oso emozionala naiz. Asko sentitzen ditut gauzak, eta negar eta barre asko egiten dut bizitzan, onerako eta txarrerako.

Mirri bezain zirikatzailea al zara?

Noski, batzuetan bai. Denok bezala, animatuta zaudenean, jo eta fuego. Asko gustatzen zait Mirrirena egitea, eta Mirri bera ere asko gustatzen zait.

Parrandan pailazokeriak egiten dituzten horietakoa al zara? Edo lagunek bultza egin behar dizute?

Ni izaten naiz! Baina beraiek ere zirikatzen naute. Zapi zuria da kuadrillako ereserkia. Ezkontza guztietan jartzen dute, eta parrandak horrela amaitzen ditugu, zapi zuria eskuan. Hasieran, lotsa ematen zidan,;baina 40 lagun kantatzen hasita, ez naiz animatuko, ba!

Lotsa? Ez duzu, ba, hori sinestea nahiko!

Lotsa ere badut. Mirrik ere badu lotsa apur bat. Neurrian.

Ia ahaztu zait, kazetari ere bazara.

Ekainera arte egin dut lan Euskadi Irratian. Pailazoekin, kolaborazio gisa jarraitzen dugu. Badira bost urte jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.