Jean-Jacques Etxeberri

«Gogoa duenak badu ahala, eta gogorik ez duenak estakuruak»

Etxeberrik astea arindu zuen zuzentzen duen etxegintza enpresan, baina kargatua zuen herriko plazan, Müsikaren Egüna prestatzeko lanekin. Lurraldearekiko eta euskal kulturarekiko atxikimendua aipatzen du beti, berdin plazan edo enpresan.

Joanes Etxebarria.
2013ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Llargo ezizenarekin ezagunagoa da Zuberoan Jean-Jacques Etxeberri hargina eta Bil Xokoa elkarteko kidea. Errugbirako fisikoa bazuen ere, saski baloia hautatu zuen txikitan, maskaradetan parte hartu arte. Herriko besta komitea utzi zutelarik, belaunaldi bereko lagunekin Bil Xokoa elkartea sortu zuten. Gaur eginen den Müsikaren Egüna antolatzen du elkarteak.

Harritik etxea, etxetik bizia dio zure enpresaren leloak. Hargina eta poeta!

Ez, ez dut horrelako pretentsiorik. Izan da ni baino poetagorik, aisa aberatsago. Nik maite dudan ofizio bat egiten dut. Erori nintzen tupinan txiki nintzelarik, zeren eta aita zen enpresaburua. Aita ibiltzen zen etxez etxe Urdiñarbe inguruan (Zuberoa), auzolanetan, eta nik bakantzak oro iragaten nituen lanean. Eta gauza izugarria, ohartu nintzen bagenuela kultura bat, bagenuela hizkuntza bat.

Auzolanetik enpresa handituz joan da, baina orain krisiarekin, etxe gutxiago egiten da segur aski...

Bai, bai, bistan da krisia ororentzat dela.

Material modernoak erabiltzen dituzu. Kalamua isolazio gisa, ekologista bai, baina zinez kario ere!

Bai, baina hor komertzioan sartzen zara. Egin baneza beti nahi dudana, beti erraten dut ene pentsamoldea duten jendeekin baizik lan egin behar banu agian banuke enplegu erdi bat nihaurentzat. Problema da hor bagarela 30 bat langile, enpresa hedatu dugula, baina beti baratzen da lurraldeari loturik. Material ekologistekin ari gara lanean, kario da, horien erabiltzeko teknikak ere bereziak dira... ekuazioak oro ez dira sinpleak.

Enpresan, bestalde, euskalduna euskaraz.

Errespetatzen dugu elkar. Enpresan baditugu bigarren belaunaldiko portugesak —Zuberoan sortuak direnak—; haiekin ez naiz portugesez mintzo, ez baitakit, baina erraten diet beti haien artean egarri lezaketela. 'Zuek ez baduzue defendatzen zuen kultura, nik ez dut eginen zuena'. Euskaraz dakitenek enpresan, haiekin gehienetan mintzatuko naiz euskaraz. Ez da baizik pastoralaren edo maskaradaren gibelean itzaltzen dugun hizkuntza bat. Ez, egun oroz erabiltzen dugun hizkuntza bat da. Bezeroekin, saltzaileekin... dakiten guztiekin egiten dut.

Duela urte batzuk, lan bat eraman zenuten zuberotar arkitekturaren inguruan. Kanpoko jendeak etxeak eraikitzean, hori kontuan hartzen ote du?

Nonbait kontraesanak baditugu zenbait aldiz; ontsa da arkitektura edo ingurumen baten errespetatzea, baina ez du erran nahi duela ehun urte bezala eraiki behar dela. Duela ehun urte leiho txikiak egiten zituzten, ez baitzen teknikoki bestela egiteko ahalik. Orain, teknologiarekin, badakigu berina handiak egiten ahal direla. Nik uste badela kanpoko itxura, karta postala hori, eta badela lanjerra gauzak ez badira aitzinatzen enetzat hiltzera doa. Zer pretentsio badugu guk gauzak mugatzeko? Zenbaitek erranen dizute aitzinago eta seguruago direla, nik kontrarioa: izugarri segur nintzen 20 urtetan, dudak jarri zaizkit 30etan, eta 55etan deus ez dakit.

Gaur eginen da Müsikaren Egüna. Enpresan arriskuak izanen dira, ekonomiari lotuak; gaurkoan euria da arriskua.

Iragan urtean ukan genituen hiru egun euriarekin, arratsaldeko bostetan zuhaitz bat linea elektrikoaren gainera erori zen, jendea izoztua zen, bustia, taldeak etxera joatekotan ziren... Okerrago ez dugu ukaiten ahal! Eta gero uste dut jendeen gainean bermatzen dela, zer sineste baden xede batean. Gogoa duenak badu ahala, eta gogorik ez duenak estakuruak.

Azken urteetako bilkuretara gazte multzo bat hurbiltzen zaizue. Antolaketaren lekua pasako diezue?

Beharrik! Uste dut heltzen dela hein batera, heldu den urtean 25 urte, jakin izan behar dena lekua uzten. Baldin bada laguntza txiki baten beharra emanen da. Uste dut giroa inportanta dela; jendeak ostirala hartzen du lanean, nehork ere galdetu gabe, eta ontsalaz astelehen gauean dena plegatua izanen da deus agitu ez balitz bezala! Gure kultura ez da taulen gainean agertzea, kultura da taulada muntatzea, desmuntatzea, euria ukaitea, sos kontatzea eta erratea: eskasean gara aurten, eta heldu den urtean zer? Eginen dugu ahal duguino.

Eta egitekotan, beti balio berberekin...

Lurraldeari loturik, hizkuntzari loturik. Aurten izanen da gauza ohargarri bat: hartuko ditugu bost minutu presoei pentsatzeko, eta hori, enetzat, zinez inportanta da. Ez dadin besta baizik izan, baina izan dadin gogoeta, aurten dantzaren gaia hartu dugu, zertan den eta bihar zer? Ez dut nik soluziorik emanen, baina elkarretaratzen ditugu horretaz arduratzen diren jendeak beraien ikusmoldea eman dezaten. Müsikaren Egüna estakuru bat izan dadin gauzak aitzinarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.