Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Errealitatearen lokatzan

2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Izaskun Rekalde Netflix Euskaraz taldeko kidearen hitzak dira: «Azkeneko urteotan, asko aldatu dira ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak. Telebista tradizionalaren kontsumoa asko jaisten ari dela erakusten dute datuek. Aldiz, ordainpeko plataformen harpidetzak %40 hazi dira azken bost urteotan, eta euskaldunon hamarretik seik edaten dugu iturri horretatik. Horien artean, Netflix da merkatu kuotarik handiena duena. Plataforma horietan, ez dago ia euskarazko edukien eskaintzarik. Netflixeko katalogoan lau film baino ez ditugu euskaraz, eta telesailik ez dago bat bera ere. Euskarak bizi gura badu, ikus-entzunezkoen alorrean ere egun daukan baino presentzia handiagoa izan behar du».

Nola ez egin bat Rekaldek esandako guztiarekin eta taldearen eskariekin? Ados agertu dira behintzat Euskalgintzaren Kontseilua, Topagunea, Uema, Disney Euskaraz, Tinko euskara elkartea, Ibaia (Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea), Napar (Nafarroako ekoizleen elkartea), Hekimen euskal hedabideen elkartea, Euskal Hedabideen Behategia, UEU Udako Euskal Unibertsitatea, EHE Euskal Herrian Euskaraz, Bieuse bikoiztaile euskaldunen elkartea, AEK, Game Erauntsia eta Euskal Encodings webgunea.

Ziur nago laster sartuko direla eskariaren aldekoen zerrenda horretan EIE Euskal Idazleen Elkartea, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea eta Galtzagorri ere —Euskaltzaindiarekin berarekin batera, jakina—, Netflix Euskaraz, Disney Euskaraz eta bide horretatik sor daitezkeen elkarteen eskariak zuzenean lotuta baitaude, euskarazko ikus-entzunezkoen garapenarekin ez ezik, euskal literaturaren —eta euskararen beraren— osasunarekin ere. Euskal Herriko erakunde politiko nagusiek ere ezin diote muzin egin arlo horretan duten erantzukizunari.

Eskari hau egin die erakundeei Netflix Euskaraz taldeak sinadura bilketako agirian: «Ikus-entzunezkoen Euskal Kontseilua behar dugu, ikus-entzunezkoetan euskal hiztunen eskubideak betetzen direla ziurtatzen duen egiturazko tresna publikoa». Hortxe baitute erakunde horiek euskarari, adierazpen puztu eta hutsaletatik eta kanpaina edulkoratuetatik harago, eguneroko errealitatearen lokatzan, zinezko babesa emateko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.