begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Hildako guztiak antzekoak dira (bizidunak ere bai)

2022ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Apirila estreinatu bezain pronto hasiko daDonostiako Giza Eskubideen Zinemaldia. Berriro ohartuko gara bertan mundu gurea ulertu/ez ulertu ahal izateko derrigor ditugula irudiak. Hala nola Sevillan sari nagusia irabazi zuen Sergei Loznitsaren Babi Yar, non gaurko Historiaz mintzatzeko iraganekoa ezagutzearen beharra sentituko duzuen hezur muinetan. Apirilaren 4an Tabakaleran izango den emanaldiaren 65. minutuan Sobietar Batasunak debekaturiko poema hau irakurriko duzue pantaila beltzean. Dardaraz irakurriko ere, ukrainar batek ere ez baitzuen ezer egin sarraskiaren biktimen alde. Inor ez zen hildako judu, ijito eta Armada Gorriko presoen ondoan. Mendekuz, gerra irabazi eta gero, Stalinek gosez akabatu zituen lau milioi ukrainar.

'Judurik ez da Ukrainan'

«Inon ez. Ez Poltovan. Ez Kharkoven. Ez Kementxungen. Ez Borispolen. Ez Lagotinen.

Ez dituzu inon ikusiko neska gazte baten malkoz beteriko begi beltzak.

Ez duzu inon entzungo atso baten ahots nekatu eta balantzatsua.

Hiri bakar batean ere ez duzu antzemango gosez den haur gosetirik.

Gelditasuna. Isiltasuna.

Herri oso bat erail dute basaki.

Artisau edadetuak erail dituzte.

Estimu handiko ofizio guztietakoak erail dituzte:

Jostunak, kapelagileak, zapataginak, latorrigileak, margotzaileak, larru-ontzaileak, bitxigileak, koadernatzaileak. Beharginak erail dituzte: zamaketariak, mekanikariak, argiketariak, arotzak, igeltseroak, sarrailagileak.

Erail egin dituzte tren gidariak, traktore gidariak, txoferrak, zurginak.

Erail egin dituzte errotariak, okinak, gozoginak, sukaldariak.

Erail egin dituzte medikuak, terapeutak, dentistak, zirujauak, ginekologoak.

Erail egin dituzte zientzialariak, bakteriologoak, biokimikariak, unibertsitate ospitaletako zuzendariak; Historia, aljebra eta trigonometriako irakasleak.

Erail egin dituzte maisuak, maistrak, sailetako laguntzaileak, zientzia anitzetako doktoreak.

Erail egin dituzte ingeniariak, metalurgialariak, zubigileak, arkitektoak, itsasontzigileak, adreilu jartzaileak, agronomoak, uztagileak, lur zaintzaileak. Erail egin dituzte kontableak, ikuskariak, biltegizainak, dendariak, hornitzaileak, managerrak, idazkariak eta gaueko guardiak.

Erail egin dituzte eskola irakasleak eta josleak.

Erail egin dituzte galtzerdiak konpontzen eta ogi gozoa egiten zekiten amonak, oilasko zopa ezin gozoagoak eta sagar eta intxaurrezko strudel pastelak prestatzen zituztenak. Erail egin dituzte ere euren seme-alabak eta bilobak maitatzen baino besterik egiten ez zekiten amonak.

Erail egin dituzte senarrekiko leialtasuna gordetzen zuten emakumeak; erail emakume kaskarinak, ikasle serio-serioak eta eskolako neska alaiak.

Erail egin dituzte ederrak ez ziren neskato txoriburuak; erail egin dituzte lepomakurrak. Erail egin dituzte abeslariak; erail itsuak, mutuak, gorrak. Erail egin dituzte biolin jotzaileak, piano jotzaileak.

Erailak izan dira bi urteko haurrak; eta hiru urtekoak. Erailak 80 urteko edadetuak, begi gandutsuetan kataratak, behatz hotz gardenak eta pergamino moduko ahots xuxurlariak zituztenak.

Erailak izan dira haien bizitzaren azken momentu arte, euren amaren titiak gose zupatzen zituzten jaioberriak.

Denak egin dituzte erail. Zientoka. Milioika. Juduak. Ukrainan.

Hau ez da etxea, familia, lurrak, abestiak, ipuinak atzean utzi izan zituen norbanako armadun baten herioa. Hau herri oso baten erailketa da. Etxe, sendi, liburu, sinesmen baten erailketa. Bizitzaren arbolaren erailketa. Eta ez bere adarrena, ez bere hostoena, bere sustraiena baizik. Hau da herri baten gorputza eta arimaren erailketa. Milaka artisau eta intelektual adimentsu sortzeko belaunaldietan zehar ahaleginetan izan den bizitza batena. Gurasoengandik seme-alabek jasotako moral, manera, usadio eta pasadizoen erailketa. Garai on eta garai txarretakoa, abesti tristeena, istorio epikoena. Etxe eta kanposantuen txikizioa.

Mendeetan zehar ukrainar jendearen ondoan eta tartean bizi izan den herri oso batena. Lanean, gaitza eta ona egiten, hiltzen bizi izan den herri batena, lurra partekatu izan duenarena».

*Vasilii Grossman, 1943koirail-azaroak, Ukraina bez evreev (Judurik gabeko Ukraina).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.