Suziriaren arduradun

Porturen bi golek sailkapenaren buruan kokatu dute Reala, Bartzelonarekin eta Real Madrilekin berdinduta. Sasoi onean da jokalari espainiarra, eta txuri-urdinek eskertu egiten dute.

Jon Ander De la Hoz.
2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Eztanda batek bildu zituen Realeko jokalariak igande gauean. Amaierara iristen ari zen Granadaren aurkako neurketa, eta bazirudien donostiarrak puntu batekin etxeratuko zirela. Harik eta, lehen zatian egin moduan, Cristian Portugues Portu (Beniel, Espainia, 1992) azaldu zen arte. Erdilari txuri-urdinak, gola egin, eta hiru puntuak eman zizkion bere taldeari. Hala, Espainiako Ligako sailkapenaren buruan da Reala, 22 punturekin, Bartzelonarekin eta Real Madrilekin berdinduta. Bi talde horiek, hala ere, partida bat gutxiago jokatu dute; elkarren artekoa, hain zuzen ere.

Portuk egin zituen Realaren bi golak, eta bere taldeari suziri bat bezala segitzeko modua eman zion. Jokalari espainiarra pozik zen partida amaitu berritan: «Bereziki, hiru puntuak eskuratzeagatik nago pozik, baina, golak sartuta lortuz gero, askoz hobeto. Gustura nago sailkapenera begiratu eta goiko postuetan gaudela ikusita».

Azti ibili zen Portu Granadaren atea zulatzeko garaian. Bizi-bizi aritu zen bi jokaldietan, eta aurkariek ezin izan zuten hura harrapatu. Erakutsi zuen ez dela erraz geratu ahal den jokalaria. Lehendabiziko golean, Mikel Oiartzabalek baloi bat ostu zuen, zelai erdian, eta Porturi pasatu zion. Bi ukitutan egin zuen hark gola; lehen ukituarekin, baloia kontrolatu zuen, eta bigarrenarekin, ia zutoina ukituaz, sareetara bota zuen. Bigarrenean, berriz, Adnan Januzajen lerro arteko pasea baliatu zuen; lasterka atzean utzi zituen Granadako atzelariak, eta izkin eginda sartu zuen gola.

Eraginkortasunaren adibidea izan zen Portu. Haren esanetan, «jokatzeko era asko» ditu Imanol Alguacilen taldeak: «Kokatzeko modu ezberdinak ditugu. Taldearen ezaugarrietako bat da gertuan eta urrunean lagun asko izaten ditugula, eta horrek denoi egiten digu onura».

Igandeko garaipenarekin, txuri-urdinek berretsi egin dute etxetik kanpo daramaten bolada ona. Donostiarrek irabazi egin dituzte Anoetatik urrun jokatutako azken lau partidetatik hiru; Sevillaren zelaitik soilik itzuli dira esku hutsik (3-2), eta orduan ere itxura ona emanda egin zuten.

Iritsi orduko, gozatua

Zenbaki on horiek lortzeko garaian izan du zeresanik Portuk. Estreinako denboraldia du Realean, baina lehen jardunaldiak igaro zirenerako bere lekua aurkitu du hamaikakoan. Hala, nahiz eta Levanteren aurkakoan atseden hartzen utzi zuen Imanolek, hasieratik aritu da azken neurketatan.

Zifra onak eskuratzen ari da. Lau gol egin ditu, eta beste horrenbeste egiteko modua eman die taldekideei, haren paseen ondorioz iritsi baitira beste lau.

Luzerako apustua egin du Realak Portu fitxatuta. Hamar milioi ordainduta ekarri zuen Gironatik, eta bost urterako kontratua du, 2024. urtera artekoa. Nolanahi ere, azkar hasi da emaitza onak ematen, eta hasiera onari ginga jarri dio Granadaren aurka bi gol egin eta bere taldea garaipenaren bidean kokatuta. Erakutsi du sasoi betean dagoela datozen partidetarako.

Sailkapenaren goialdean segitzeko, orain arteko batez bestekoarekin segitu behar dute Imanolen jokalariek. Sailkapenari erreparatuz gero, era guztietako partidak dituzte datozen asteetan. Leganes jasoko du ostiralean; azken sailkatua da, eta bost puntu besterik ez ditu. Ligak geldialdia izango du jarraian, eta Santiago Bernabeun Real Madril bisitatuko du gero. Partida garrantzitsua izango da jakiteko suziriak gorantz segituko duen. Portuk prest du hura pizteko metxa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.