Pastor
Fidel Castroren heriotza. IRITZIA

'Rey Castro'

2016ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Turistek Inglaterra hoteleko terraza betetzen dute. Ron Collins-a, mojitoa eta Bucanero garagardoa. Ciego Montero ur minerala. Kafea. Oraindik 40 urte ez dituen gizon batek badarama tarte bat espaloian, diru eske edo. Halako batean oihuka hasi zaie sartu eta irten dabiltzan lagunei. Atezainari, hura ere mulatoa, pazientzia agortu zaio. Besotik heldu, eta behingoz joateko esan dio, haserre bizian. «Alde hemendik! Espaloi honetan bertan jende asko hil zen zuk egun batean hemen egoteko aukera izan zenezan!». Arratsalde hezea hiltzen ari da Habanan. Emakume batek terrazako turistak zelatatzen ditu Pastelería Francesa gozotegiaren ondotik, inor laztan erosien beharrean ote dabilen edo. Bezperan ere hantxe zegoen, ordu berdinean. Laster batean haren begiek turista baten nini zabalduekin egingo dute topo eta, agian, gauaren haragian galtzera gonbidatuko dituzte.

Kuba. Iraultza. Utopia. Justizia. Esperantza. Eta kontraesanak. Nahi eta ezina. Eguneroko errealitatea. Resolver aditzaren itzala. Fidel Castro. Fidel, berak sinatzen zuen moduan. Beti Fidel. Arerioentzat koroarik gabeko erregea zela idatzi zuen Eduardo Galeanok, batasuna eta guztien adostasuna nahasten zituena. Idazle uruguaitarraren arabera, arrazoi zuten. Hala ere, arerio horiek ez zuten hau esaten: Kubako sistemak «Latinoamerika osoan injustizia gutxien dituen gizartea» sortu zuela. Halaxe da.

Ez, Kuban ez dago luxurik, baina miseria gorririk ere ez. Bertako hiri edo herrietako espaloietan ez duzu inor botata ikusiko, txakur hazteritsu baten moduan, zer jan eta non babestu ez duelako, metro erdira dagoen Salón de Belleza batean klase aberatsenetako kideek botox tratamendu garestienak hartzen dituzten bitartean. Bertatik irteten direnean gizapetiko izakitzat jotzen dituzten herritarrak dituzte aurrez aurre, baina ez diete kasurik egiten. Kezka bakarra dute: euren Prada takoiak indigena horiekin ez zikintzea. Hori ikusi nahi duena Rio Grandetik behera joan dadila. Kuba herrialde pobrea da arlo ekonomikoan, baina aberatsa diru hutsez neur ezin daitezkeen ondasun ugaritan. Elkartasuna. Eskuzabaltasuna. Internazionalismoa. Duintasuna.

Fidelek sentimendu kontrajarriak piztu ditu munduan. Alde batetik, miresmena, debozioa, maitasuna. Bestetik, gorrotoa.Zer egin duen eta noren alde. Haren heriotzagatik benetan poztu direnen artean kapitalismo gordinenaren ordezkari krudelenak ditugu. Ez dira denak, baina horiek guztiak multzo horretan daude. Gizakia merkantzia ikusten dute. Edozer egingo dute, euren urrezko etxetzarretan gorderik, esplotazioaren bidez lortutako etekin txikiena ere ez galtzeko. Mugarik gabeko zikoizkeriaren, lukurreriaren seme-alabak dira. Beste aldean deus gabekoak ditugu, ortziaren sabaia baizik ez dutenak. Fidelen heriotzak benetan tristatu, kolpatu ditu. Miseriaren eta zapalkuntzaren umeak dira, baina ez esperantzaren umezurtzak. Historiak, gizaki horiek guztiek idatzitako Historiak, absolbituko du komandantea.

1959tik hona munduan soilik Kubako sistema politikoaren kontra —régimen castrista deitzen diote régimen juancarlista-felipista-ren jarraitzaile sutsuek— esan eta egin direnei erreparatzen badiegu, zerbait susmagarria sumatzen da. Zergatik ezinikusia 11 milioi biztanleko uharte txiki baten kontra? Ez du arma nuklearrik edo kimikorik, ez du lurralderik inbaditu eta kolonizatu. Halakoak beste estatu askok egin dituzte. Horrek ez die ardura munduaren jendarmeei, baina. Haientzat arriskua Kuban dago, ideologikoki eta sinbolikoki. Okertu egiten dira Kuba arriskutsua ez dela esaten dutenak. Kuba arriskutsua da, erreferentzia bat izan delako azken sei hamarkadetan munduko herrialde eta herritar behartsuenen artean. Kubak, akatsak akats, hutsak huts eta kontraesanak kontraesan, elkartasun argia eta justizia deiadarra izaten segitu du munduan. Eta hori ez diote barkatu. Halakoak ez dituzte gustuko planeta honetako herritar pobreenen ametsak amesgaizto bihurtzen dituztenek.

Kuban hutsegiteak egin dituzte. Fidelek berak adierazi zuen iraultza arriskuan zegoela barne arrazoiengatik. Autokritika. Ideien batailari buruz ari zen. Esate baterako: zer egin da txarto herritar gazteen artean desinteres politikoa, kontsumo gosea eta grina gero eta handiagoak izateko? Belaunaldi horrek erreleboa ekarri behar luke. Zerbait ez da zuzen egin, eta ondorioak hor ditugu. Kuban aldaketa politikoaren aldeko oihua egin dute Mendebaldetik. Ba omen da garaia. Arrazakeria instituzionala, legezkoa, desagerrarazteko esan zioten, ba, Europako agintari eta politikariek John Fitzgerald Kennedy-ri AEBetako presidentea hautatu zutenean? Ez, lekaioak ez ziren ausartu. Kubarekin, ordea, dena da zilegi. Habanari hemendik zehaztu nahi diote bidea. Demokrazia ezartzeko eskatzen diote Kubari. FMIk, Munduko Bankuak eta Bruselak inposatutako diktat ekonomikora makurtzen den demokrazia? Giza eskubideak zaintzeko. Gehiena duenaren eta gutxiena duenaren arteko aldeak handitzen segitzen duten merkatuaren eskubideak?

Buenos Aires hirian, San Telmo aldean, Rey Castro jatetxe-taberna-diskoteka dago. Kanpoan zein barruan Fidelen argazkiak eta figurak dituzte. Aurreko aldeko balkoian panpina bat dago, komandante uniformea jantzita, diskurtso bat ematen jardungo balu bezala. La disco más informal y revolucionaria de Buenos Aires, dio Rey Castrok bere webgunean. Eraikinak bi solairu ditu eta janari kubatarra eskaintzen du: ensalada granma, ropa vieja eta copa Coppelia. Sarrera nagusian bi morroi daude,zaindari: «El quilombo empieza a partir de la medianoche». Haien ondoan, atearen ezkerreko horman, grafiti zahar bat idatzita dago: Antes éramos buenas chicas, ya no.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.