Bost gizon atxilo, sanferminetan 19 urteko andre bati erasotzea egotzita

Ospitalean artatu behar izan dute biktima. Gaitzespen «irmoa» agertu dute erakundeek

Udaletxe plaza lepo bete zen atzo, erasoaren aurkako elkarretaratzean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
2016ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Mezua isilik igortzekoak ziren atzo iluntzean Iruñean, baina handiegia zen amorrua, eta oihuka aldarrikatu zuten milaka pertsonak sexu erasorik gabeko jaiak nahi dituztela. Sanferminak hasi aurretik ere inoiz baino irmoago jardun dira eragileak indarkeria matxistaren aurka, baina eraso bortitz bat utzi du festetako lehen gauak: gizon talde batek bortxatu egin duela salatu du 19 urteko emakume batek; Udaltzaingoak bost gizon atxilotu zituen atzo goizean. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak «erabateko gaitzespena» adierazi dute, eta laguntza eskaini diote biktimari.

Atzo goizaldean gertatu zen erasoa, 03:00 aldera, hiriaren erdigunean. Emakumeak salatu duenez, atari batera sartu zuten indarrez, eta han bortxatu zuten. Nafarroako Ospitale Gunean artatu behar izan zuten. Hain justu, salaketa jartzean biktimak emandako deskripzio fisikoari esker atzeman zituzten ustezko erasotzaileak. Foruzain batek zezen plazan identifikatu zituen haietako lau, entzierroaren ostean; auto baten barruan topatu zuten bosgarren atxilotua. Edonola ere, ikerketak zabalik jarraitzen duela jakinarazi du Udaltzaingoak.

Erasoaren berri izan eta berehala heldu ziren instituzioen gaitzespen mezuak. Jokabide sexisten aurrean «erabateko arbuioa» adierazi zuen Iruñeko Udalak, eta konpromisoa hartu zuen «eraso sexistak desagerrarazteko eta emakumeen segurtasuna hobetzeko». Ardura gizarte osoarena dela erantsi zuen, ordea: «Erakunde publiko zein herritar aktibo gisa, eraso sexisten aurkako jarrera konprometitua izan behar dugu, andre ala gizon izan. Beraz, erasotzaileak babesten eta emakumeak — jai giroaren aitzakian konplimenduak, eragozpenak edo jazarpenak onartzera behartuz— errudun bihurtzen dituen eredu kulturala aldatzeko eskatzen dio udalak gizarteari».

Gogoratu zuen, halaber, festetan dena ez dela balekoa: «Pertsona guztiok dugu jaiez segurtasunez, askatasunez eta berdintasunez gozatzeko eskubidea. Alkoholaren edo bestelako drogen kontsumoak ez ditu jokabide sexistak justifikatzen».

Nafarroako Gobernuak ere «irmoki» gaitzetsi zuen bortxaketa, Berdintasun Institutuaren ohar baten bidez, «emakumeen aurkako indarkeriaren adierazpide eta sinbolo basatia» delako. «Andreen bizitzaren, askatasunaren, duintasunaren eta hiritartasun erabatekoaren kontra egiten duten indarkeria molde guztiak» desagerrarazteko lanean segituko duela berretsi zuen.

Mugimendu feministak, berriz, elkarretaratzera deitu zuen 21:00etan. Milaka lagunek parte hartu zuten, Udaletxe plaza betetzeraino, Emakumeon kontrako indarkeriarik ez eta Erasotzailean kanpora lelopean. «Ausartak izateaz nazkatuta gaude; askeak izan nahi dugu!», aldarrikatu zuten. Alderdi guztietako ordezkariak joan ziren; besteak beste, Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkos eta Iruñeko alkate Joseba Asiron izan ziren.

Bilkurarekin bat egin zuten peñek, baina gaitzespena jai eremura ere eraman zuten. Arratsaldean, zezen plazarako ibilbidean geldialdia egin zuten, bost minutuz protestatzeko. Gauerdian, berriz, ordu erdi musikarik gabe egon ziren peñen tabernak.

Erasoen kontrako bulegoa

Hain justu, indarkeria matxistaren aurkako jardunean aurrerapauso bat eman du aurten Iruñeko Udalak: sexu erasoen kontrako bulegoa abiatu du sanferminetan, informazioa, aholkularitza eta arreta emateko. Gazteluko plazaren eta Karlos III.a etorbidearen arteko lotunean paratu dute; 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 00:00etara dago zabalik. Bulegoa itxita egon arren, 092 eta 112 telefono zenbakietan izango da sexu erasoen aurkako arreta zerbitzua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.