Elkarlana aktibaziorako bide

Euskaraldia egitasmoa aurkeztu dute: herritarren hizkuntza ohiturak aldatzea dute helburu, urtebete barru mugarria jarrita. Ezohiko batasuna du proiektuak: Euskal Herri osoko erakunde eta eragileak

Erakundeetako eta euskalgintzako eragileetako arduradunak, atzo, Bilbon, Arriagako eskaileretan. Familia argazkia atera zuten Euskaraldia aurkezteko. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2017ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Herriz herri hedatzen ari dira euskaldunen aktibazioa bultzatzeko egitasmoak: hizkuntza ohiturak astindu nahi dituzte, euskara uste baino gehiagotan erabil daitekeela erakutsi, eta erabilera areagotu. Herri batzuetan hasitako proiektuak dimentsio nazionala hartuko du, eta batasuna izango du ardatz. Euskal Herri osoko erakundeak bildu dira —Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, Nafarroako Gobernua eta Euskal Elkargoa—, eta euskalgintzako eragile andana bat, Kontseilua buru dutela. Datorren urterako jarri dute mugarria: azaroaren 23tik abenduaren 3ra ahal den guztietan euskaraz egiteko erronka zabaldu nahi dute.

Hiztunak ahalduntzeari buruzko gogoetek indar handia hartu dute euskalgintzaren esparruan. Gogoan izatekoa da, esate baterako, Euskahaldun leloa izan zuela duela bi urteko Korrikak. Haren ostean, Lutxo Egiak performance bat egin zuen Bilbon: erabat euskaraz aritu zen hilabetez. Zer pentsatua sortu zuten biek, Korrikako mezuak eta Egiaren jokabideak. Donostiako Egia auzoan sortu zuten erronka erako asmo kolektibo bat: ahal den guztiekin euskaraz egitea, astebeteko txandetan. Arrakasta: 200 lagun elkartu zituzten. Herri gehiagotara hedatu zen, eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa) jarri zuten hurrengo mugarria: 1.300 lagun. Azterketa egin zuten: 20 puntu hazi da erabilera.

Harrezkero, leku gehiagotan ere egin dituzte halako egitasmoak. Hurrengo mugarri nagusia, hala ere, Lasarte-Orian jarri zuten berriro, aurtengo maiatzean. Aktibazioa hartu zuten gaitzat Udaltop jardunaldietan, eta proposamen bat egin zuten Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak, goiburutzat Baietz 11 egun euskaraz elkarrekin! hartuta. 2018rako hori. Beste bat, 2019rako: entitate bakoitzean neurri bat hartzea euskaraz egitea errazteko.

Argazki berria

Hasierako proposamenean bertan azaldu zuten «ahalik eta eragile gehienek» parte hartzea nahi zutela; areago, «elkarlan eredu berri bat» jarri nahi zutela abian.

Egitasmoa aurkezterako lortu dituzte helburu horietako batzuk. Batetik, kantitatez: Topagunearekin eta Jaurlaritzarekin batera, beste 24 eragile ageri dira sustatzaileen zerrendan. Bestetik, kualitatez: elkarrekin agertu dira erakundeetako eta euskalgintzako eragileetako arduradunak. Euskal Herri osokoak. Bilbon aurkeztu zuten, atzo, Arriaga antzokian.

Erakundeen aldetik, han ziren, esaterako, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo, eta EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Beñat Arrabit —Euskal Elkargoko hizkuntza politikaren arduraduna—.

Euskalgintzaren arlotik, agerraldian ziren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao eta Topaguneko lehendakari Elena Laka, besteak beste. Hain justu, Topaguneko kide Arrate Illarok hartu du Euskaraldiaren koordinatzaile postua. Hark aurkeztu zuen saioa, eta instituioetako eta gizarte eragileetako kideek hitz egin zuten.

Bi ardatz izan zituzten. Batetik, elkarlanaren garrantzia: euskalgintza eta gizarte eragileak elkarrekin aritzea. «Egitasmo honetan lortu dugu elkarlana. Zubiak eraikiko ditugu», adierazi zuen, adibidez, Topaguneko lehendakariak. Bestetik, herritarren aktibazioa. Bilbao, Kontseiluko burua: «Norbanakook gaitasuna dugu gizartean aldaketak eragiteko».

Norbanakoen ahalegin hori era kolektiboan egin nahi dute, hala ere. Taldearen babesean, taldearen indarrean. Lasarte-Orian erabilitako bi rolak hartuko dituzte: ahobizi eta belarriprest. Proposamen horrek Eusle izeneko metodologia du oinarrian: lantokietan euskararen erabilera areagotzeko proposamen bat, Pello Jauregiren zuzendaritzapean taxutua. Hain justu ere, Jauregi aritu zen Lasarte-Oriako aktibazio egitasmoan, eta azterketa ere hark egin zuen.

Gogoeta eta aukerak

Euskararen egoerari buruzko azterketa ugari kaleratu dituzte aurten —nagusiak, inkesta soziolinguistikoa eta kaleko erabileraren neurketa—, eta haietan ageri den norabidea hartu dute hizpide. «Euskaraz hitz egiteko gai da gero eta jende gehiago, eta euskara ulertzen dutenak ere gero eta gehiago dira». Inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskal herritarren %28 euskaldunak dira (751.000 lagun); beste %16k ulertu egiten dute (434.000 herritar). Erabilerari dagokionez, ordea, ez da urratsik nabari: geldialdia ageri da inkesta soziolinguistikoan, eta beherakada kaleko neurketan. Euskara gehiago erabiltzeko aukera badagoela nabarmendu dute.

Hizkuntza ohiturak astintzea nahi dute: ahal den guztietan euskaraz egitea euskaraz dakitenek. Eta horretarako oztoporik ez jartzea euskara ulertu behintzat egiten dutenek. Hori izango da egitasmoaren funtsa. 11 egun izango dira, baina asmoa dute hortik aurrera ere arrastoa uztea, aldatutako hizkuntza ohiturei eustea. Lasarte-Orian nabaritu dute hori, erronka antolatu zutenen arabera.

Urtebete falta da oraindik —justu atzo urtebete hasiko da Euskaraldia, eta abenduaren 3an amaituko, Euskararen Nazioarteko Egunarekin—, baina, prestatzeko bidea luzea izango denez, aurkeztea erabaki dute. 11 egun horiek bakarrik ez, bideak ere garrantzi handia izango du, Illaroren ustez.

Euskal Herri osora hedatu dute proposamena, eta izena eman beharko dute parte hartu nahi duten herriek eta eskualdeek. Udaberrira arteko epea izango dute. Herritarrek, berriz, datorren udazkenean izango dute izena emateko aukera —txapa bat izango dute beren rola zein den adierazteko—.

Beste harreman eredu bat

Herrien eta eskualdeen esku dago hurrengo pausoa, beraz. Azaldu dute bakoitzak bere «beharren eta egoera soziolinguistikoaren arabera» molda dezakeela egitasmoa. Proposatu dute erakundeen eta eragileen arteko batzorde bat sortzea, gaia nola bideratu erabakitzeko. Hor dago, beraz, «beste elkarlan eredu bat» sortzeko helburua: parez pareko harremana. Egoera bakoitzera egokitu beharraz aritu da bereziki Ollo, Nafarroako Gobernuko kontseilaria.

Datorren urtean izango da Euskal Herri osoa hartuko duen Euskaraldia, baina herriz herrikoek ez dute etenik. Astelehenean, adibidez, BAM Baiona-Angelu-Miarritze eremuan jarriko dute abian. Euskaraldirako prestakizunetan murgilduak dira jada 40 bat herri.

Hiztunen aktibazioa izango du helburu datorren urtekoak, baina aurreratu dute «epe luzeagorako ibilbidea» duela Euskaraldiak. 2019an entitateak izango dituzte jomugan: haiek neurriak hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.