GAZTE TALDEEN IRITZIA

2015eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
«Apur bat mezu zaharkitua izan dugu alderdi indartsuenok»

Diana Gonzalez EGI

Urruntze bat gertatu dela uste du Diana Gonzalezek, EAJren gazte talde EGIko Bizkaiko idazkariak: alderdi politikoen diskurtsoak ez duela bat egin gazteenarekin. «Apur bat mezu zaharkitua izan dugu alderdi indartsuenok, eta argi dago garai berrietara egokitu behar dugula. Gazteek eskatzen dutenaren heinean berritu behar dugu mezua, eta haiei hurbildu».

Alderdiaren egoeraz galdetuta, ez du urruntzerik sumatzen Gonzalezek. Kontrakoa: «Azken bi-hiru urteetan gero eta gazte gehiago hurbiltzen ari dira. Gatazka politikoa bideratu dugun heinean, edo garai berriei begira, jendea animatzen da». 1990eko hamarkadako gazteen artean sumatu du igoera, 18-19 urte bueltakoen artean. «Gorantz goaz berriro, apurka-apurka». Ardurak hartzeko prest ikusten ditu gazte horiek, gainera. «Azkeneko hauteskundeetan pila bat sartu dira zerrendetan, eta animatzen dira karguak hartzen, ardura hori aurrera eramateko». Uste du hori ez dela berria, EGIko gazteak lehenago ere egon direla prest zerrendetan eta bestelako arduretan egoteko. «Gutxiago egon gara, bai, baina ardurak beti hartuta».

EAJko zuzendaritzak gazteen eskariei kasu egiten diela uste du Gonzalezek. «Alderdian gure lekua badaukagu; barruan gaude». Batzordeetan-eta parte hartzen dute gazteen ordezkariek. «Bat gara: EGI gara, eta EAJ ere bai».

«Sare batera, bai, baina asko kostatzen zaigu iristea, oro har, gazteriarengana»

Irati Sienra Ernai

Kalea du espazio nagusia Ernaik. «Egia da horrekin gazteriarengana iristea oso-oso zaila dela». Irati Sienra bozeramaileak adierazi du jendearen arreta erakartzea nekeza dela gaur egun. «Gazte sare batera bai, ailegatzen gara, baina oro har gazteriarengana iristea asko kostatzen zaigu». Ez du ikusten urruntasuna gazteen eta politikaren artean — «jendartea nahiko politizatua da Euskal Herrian, baita gazteriaren kasuan ere»—, baizik eta gazteen eta instituzioen artean, «ez direlako islatuta ikusten».

Lehen urratsa egitea falta izaten zaie gazteei, Sienrak dioenez: «Militatzen hastea kostatzen zaigu. Ez da gazteei dagokiena bakarrik: ardurak hartzea ez da baloratzen jendarte honetan. Bizitza zerbaiti lotzeari, kasu honetan militantzia bati, ez zaio balioa ematen: denbora galtzen ari den ergel baten gisan seinalatzen zaituzte». Behin lehen urrats hori eginda, «jarraitutasuna» izaten dute gazte horiek.

Ernairen kasuan, Sorturekin badute erlazioa, baina egitura antolaturik ez dutela azaldu du Sienrak. «Talkak» izaten dituztela aitortu du. «Mugimendu guztietan bezala. Gazteok beste belaunaldi bat ordezkatzen dugu, gauzak ikusteko eta egiteko beste modu bat, eta horri begirako talkak egoten dira». Uste du, halere, ezker abertzalean gazteei ematen zaiela garrantzia. «Gero, kanpora begira, aurpegia ez da gaztea. Baina ez hainbeste ezker abertzaleak pisua kentzen digulako, baizik eta hedabideek».

«Ahal Dugu-ri izan ezik, denoi ari zaigu gehiago kostatzen gazteengana iristea»

Sergio Sierra JSN

Arazo askok bat egin dutela eta horregatik gazteak urrundu egin direla uste du Sergio Sierrak, JSN Nafarroako gazte sozialistetako presidenteak —PSNren gazte taldea da—. Batetik, etsipena: «Esan ziguten: 'Hezi, prestatu, eta izango duzue lan duina'. Eta ez da hala». Bestetik, ustelkeria: «Errenkan ezagutu ditugu kasuak, eta politikarien irudia ez da ona». Ondorio argia izan du horrek, haren iritziz: «Kexua orokortua da, eta gazteek ez dute politikan sinesten demokraziarako eta jendearen arazoak konpontzeko bide gisa». Gehiago edo gutxiago horrek ia guztiei eragin diela adierazi du. «Ahal Dugu-ri izan ezik, beste denoi ari zaigu kostatzen gazteengana iristea».

Gazteek alderdi politikoei buruz iritzi txarra edukitzea ulergarri zaio JSNko presidenteari, baina ohartarazi du ez dela bidezkoa ustelkeria soilik talde politikoen arazotzat hartzea: «Gizartean dago ustelkeria, eta alderdi politikoak ere gizartean daude. Baina ulertzen dut BEZa ez pagatzeagatik faktura beltzean ordaintzen duen herritarrari baino gehiago erreparatzea». Horrenbestez, alderdien lehentasuntzat dauka ustelkeriaren aurka ekitea, «ardi beltzak» kanporatzea.

Gazteen arazoei kasu egitea ere aipatu du: lan erreforma etetea, adibidez. Bide horretan, «ildo propioa» dute PSNko gazteek, eta gero alderdiari aurkezten diote. Ez datoz beti ados: 2007an, ez zuten onartu UPNri gobernua ematea, eta kargua utzi zuten arduradunek.

«Politikaz askoz gehiago dakite gazteek, eta iritzi sakonagoak dituzte»

Santi Reyes NNGG

Gazteak eta politika aldenduta daudela esatea «desfasatua» dago, Nuevas Generaciones taldeko Gipuzkoako arduradun Santi Reyesen iritzian —PPko gazte taldea da—. Sare sozialak arlo horretan «sekulako iraultza» izan direla nabarmendu du, eta gazteak eta politika gerturatu egin dituztela. «Politikari buruz askoz gehiago dakite gazteek, eta iritzi pertsonal sakonagoak dituzte, orain urte batzuekin alderatuz». Nolanahi ere, aitortu du interes hori gero ez dela islatzen alderdi politikoetako parte hartzean. Horraino ez baita heldu berrikuntza, Reyesen esanetan: «Orain arteko alderdi ereduek ez dituzte erabat konbentzitzen. Hortxe dago benetako arazoa».

EAEko alderdian, ordea, bestelako joera bat ikusten ari dira: gero eta kide gehiago dituzte. Egoera berezian egon direlako da, Reyesen ustez: «Gipuzkoan arazo handiak izan ditugu, terrorismoa dela eta. Bozkatu bai, baina ez zuten parte hartu nahi askok. Gora egin dugu orain, Espainiako leku askotan gertatzen ari denaren aurka».

Alderdian ez dute dena erraza. «Egoten dira tirabirak, nola ez». Madrili buruz mintzo da, batez ere: «Ez guk nahi bezala, baina gauza batzuetan kontuan hartzen gaituzte». EAEko egoera bestelakoa dela nabarmendu du. «Alderdi txikia garelako edo buruzagiak nahiko gazteak direlako, guk badaukagu gertutasuna arduradunekin. Badakit ez dela leku guztietan gertatzen, baina gure kasuan, bai».

«Egoera pasiboa izan dute gazteek, eta parte hartzeko ohitura falta da»

Ainara Diego Ahal Dugu

Berritasuna izan dira azken hauteskundeetan, eta gazteen botoak bildu dituztela diote inkestek, batez ere Espainian. «Lehen abstentziora zihoazen botoak berreskuratu ditugu», azaldu du Ahal Dugu alderdiko ordezkari Ainara Diegok —Barakaldoko (Bizkaia) zirkuluan parte hartzen du—. Alderdiaren mezua gazteengana heltzen dela uste du, baina hurrengo pausoa emateko dagoela oraindik: gazteek aktiboki parte hartzea Ahal Dugu-n. «Zirkuluetan, gazte kopurua ez da oso handia».

Aztertzen aritu dira zer gertatzen den: nolatan ez duten gazte gehiagok parte hartzen. «Egoera pasiboa izan dute, eta parte hartzeko ohitura falta da», atera du ondorioa Diegok. Urteetan pilatutako joera dela uste du. «Beti egon dira irakasleari entzuten edo telebistatik datorrena jasotzen, eta ez dute hitza hartu». Hori aldatzeko, «tresnak» eman behar zaizkiela esan du.

Sare sozialen kasua aipatu du Ahal Dugu-ko ordezkariak: «salbuespena» direla dio. «Gazteek beren kezken berri ematen dute horietan». Horregatik, alderdiak «hasieratik» zaindu du alor hori.

Ahal Dugu-n gazteei lekua egin dietela nabarmendu du Diegok; besteak beste, gazteen atala daukate alderdian. «Ardura handiz» erreparatzen diete bereziki gazteei eragiten dieten gaiei: «Langabezia, lan prekaritatea, etxebizitza...». Guztiak bideratzeko gazteek hitza hartzea ezinbestekoa dela nabarmendu du Diegok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.