Felix Iriarte.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Analisia

Urkullu lehendakari

2012ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Aurreikuspen guztiak bete dira. Eserleku bat gora edo behera, abertzaleek bi herenak okupatuko zituztela zioten pronostiko gehienek, eta hala izango da. Sozialisten beherakada ukatuko zuenik ez dut aurkitu kanpaina osoan, eta zenbakiek garbi utzi dute une latzak pasa beharko dituztela Patxi Lopezek eta bere lagunek. Ekonomia krisi garai honetan PPk gora egitea miraria litzake, EAE ez baita Galizia. Zalantza bakarra zen Urkulluk gobernatzeko izango zuen tartea. Eta argitu da; Sabin Etxean pozik egoteko arrazoiak dituzte: Urkulluk bakarrik gobernatzea posible izango da.

Irabazteaz gain —garaipen garbia lortu du, Araban eta Bizkaian lehen alderdia izanik eta Gipuzkoan EH Bilduren parera itzuliz—, eskuin-ezker ardatza bere alde behar zuen inoren laguntzarik gabe gobernatu ahal izateko. Eta zenbakiek aukera hori emango diote Urkulluri. PP eta EAJren artean 37 eserleku izango dituzte, eta EH Bildu eta PSE-EEren artean beste hainbeste. Gorka Maneirok, UPDko legebiltzarkide bakarrak, erabakiko du Legebiltzarrak ezkerrera edo eskuinera jo nahi duen, baina ez dio Urkulluri bestelako eragozpenik sortuko gobernatzeko unean.

Urkulluk, beraz, ez du sozialisten beharrik izango, ezta besteenik ere. Hori zen, hain zuzen ere, jeltzaleek lortu nahi zutena, eskuak libre edukitzea akordioak batzuekin eta besteekin egin ahal izateko inori erabat lotu gabe. Akordioak eta gehiengoak beste hiru alderdiekin egiteko aukera izango du alderdi jeltzaleak. PSE-EErekin gehiengoa, EH Bildurekin gehiengo are zabalagoa, eta PPrekin akordioa egingo balu UPDren laguntza erdietsi beharko lukete ezkerreko bi alderdiek —PSEk eta EH Bilduk, hain zuzen ere—, jeltzaleen asmoa atzera botatzeko. Eta ez du ematen erraza izango denik Gorka Maneiro, Laura Mintegi eta Patxi Lopez —Legebiltzarrean segitzeko asmoa baldin badu bederen— elkarrekin ikustea.

EAEko benetako argazkiak, bestalde, iraganekoa dirudi, jeltzaleen zatiketaren aurrekoa Carlos Garaikoetxea lehendakari eta jeltzalea zen garaietakoa. Ez akaso bigarren alderdiari, ezker abertzaleari, gaur atera dion aldeagatik, baizik eta garaipen horrek eman dion kokapenarengatik eta lidergoarengatik. Bizkaian jaun eta jabe, Araban irabaztea lortu du eta Gipuzkoan garai bateko liskarrak eta ahuldadeak ahanzten hasi dela ematen du. Oinarri sendoak geroari begira, sendoagoak izan daitezkeenak ezker abertzaleak garai baterako goia jo duela antzeman daitekeelako. Denborak esango digu hau egia den ala ez, baina, atzokoa ikusita, esango nuke beldurrak uxatu dituztela jeltzaleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.