Zupiriaren iritziz, EITBk ez du zentsurarik egin 'Gara'-ren liburuarekin

urtzi urkizu
2018ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Atzo, EH Bilduk adierazpen askatasunaren aurkako eta zentsurari buruzko azken gertaerez galdetu zion Eusko Legebiltzarrean Bingen Zupiriari, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari. Josu Estarrona koalizioko legebiltzarkideak salatu zuen Espainiako Gobernuak «arazo larriak» dituela euskal herritarren informazio eskubidearekin. Euskal Herrira begira ere jarri zen, armagabetzeari buruzko Gara-ren eta Txalapartaren liburuaren iragarkiaz EITBk hartutako erabakia hizpide hartuta. «EITBko zuzendaritzari eskatu beharko zenioke zuzenketa egin dezala», esan zion Estarronak Zupiriari.

Sailburuak hala erantzun zuen: «EITBren erabakian ez dago zentsurarik, eta uste dut gauzei beren izenez deitu beharko geniekeela». Zupiriak gogorarazi zuen administrazio kontseiluak onartu zituela EITBren publizitateari buruzko irizpideak, 2012an. «ETBk bere organoak ditu, eta zure taldea han ordezkatuta dago; jo ezazu hara, eta planteatu itzazu han», esan zion Zupiriak EH Bilduko ordezkariari. Sailburuak esan zuen EITBk ondo egiten duela, «diruaren truke ideia politikorik txertatzea ez onartuta». Estarronaren iritziz, berriz, horrelako jokabideak «ez dira onargarriak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.