Koronabirusa

Zuberoan lehen hildakoa zenbatu dute, eta 2.000tik gora ugaritu dira koronabirusak gaixotuak

Oihana Teyseyre - Mikel P. Ansa
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrian koronabirusak gaixotutako pertsonen datuak tantaka baizik ez dira iristen. Orain arte jakindako gaixoak Baionako erietxean artatzen ari direla jakin da. Baina barnealdera ere zabaldu da gaitza: Atharratzeko (Zuberoa) 66 urteko gizon bat hil zen atzo. Paueko ospitalean (Okzitania) ari ziren artatzen. Bada beste emazte bat, Atharratzekoa hura ere, 78 urtekoa, Paueko erietxean artatua. Horiekin, jakin denez, bederatzi dira orain arte Ipar Euskal Herrian koronabirusak kutsatutako pertsonak. Berriak eskatu izan ditu datuak Baionako ospitalean, baina horrelako informazioak emateko debekua dutela erantzun dute. ARS Frantziako osasun agentzia publikoak jakinarazi du 32 gaixo badirela Pirinio Atlantikoetan. Pittinka emendatuz doa.

Baionako ospitaleko arduradunek agerraldia egin zuten atzo. «Ez dakigu ziur, baina baliteke koronabirusaren epidemiak hamar eguneko epean jotzea goia». Bost medikuk hartu dute hitza; Stephanie Bordes Couecouk, Heidi Willek, Tarak Moknik, Laurence Ritzek eta Jean Michel Campagnek. «Krisiari aurre egiteko prest gaude: tokiko erietxeen arteko koordinazioa eraginkorra da», erran du Michel Glanes ospitaleko zuzendariak.

Baxenabarreko eta Lapurdiko eriak Baionako ospitalera eramanak dira, baina Zuberoakoak, Paueko ospitalera. Baionan, lehendik patologiak dituztenei edo sintoma nabarmenak dituztenei soilik ari zaizkie probak egiten. Medikuen ustez, «epidemiaren hedapena ikusita, ez du zentzurik denei testak egiteak».

Ospitaleko langileak zerbitzu guztietan oheak gehitzeko lanean dabiltza: infekzio eritasunen zerbitzuan, 20tik 42ra, eta suspertze zerbitzuan, 15etik 26ra. Horiez gain, Lapurdi eta Baxenabarreko beste erietxeetan ere oheak libratuko dituzte. «Bakarrik ezingo genuke birusari aurre egin». Elkarlanean ari dira, beraz, Donapaleuko ospitalearekin (Baxenabarre), Belharra klinikarekin, Agilerra eta Delay klinikekin, Donibane Lohizuneko poliklinikarekin eta zahar etxeekin. «Osoki mobilizaturik gara».

Neurriak ere hartzen ari dira: bisitei dagokienez, baldintzak zorroztu dituzte. Hainbat lekutan osoki debekatu dituzte; Saint Leon gunean, adibidez, baita zahar etxeetan eta polo psikiatrikoetan ere. Horrez gain, adingabeek ez dute gehiago bisitarik egiten ahalko. Ama etxean ere bisita oro debekatua da —bigarren gurasoarentzat salbu—, eta pediatrian, guraso bat bakarrik joaten ahalko da aldika. Bestalde, presatuak ez diren ebakuntzak eta artak gibelatzea erabaki dute. Baionako ospitaleko arduradunen arabera, oraingoz badute nahikoa maskara gaixoak artatzeko. Gaur bertan jasoko dituzte maskara gehiago, Frantziako Gobernuak igorririk.

81 hildako, eta 2.058 gaixo

Euskal Herrian, gora jarraitzen du kutsatutakoen kopuruak, eta baita hildakoak ere: guztira 81 gaixo zendu dira gaitzaren eraginez, eta 2.000 pertsona baino gehiago dira kutsatu direnak, edo testen bidez kutsatu direla egiaztatu direnak. Arabak dago gaixo kopururik handiena (703), baina Bizkaian (539) ere gora egiten ari da nabarmen, eta baita Nafarroan ere (539). 22 pertsonari eman diete sendagiria, sendatuta.

Herenegundik herriz herriko datuak ere ematen ari da Osakidetza. Gasteizen 576 gaixo daude, Bilbon 131, Basaurin 85, Getxon 43, Donostian 35, Leioan 28, Barakaldon 25, Bastidan 21, Tolosan 20, Erandion 17, Santurtzin, Arrasaten eta Irunen 15... Berria.eus-en kontsultatu daitezke koronabirusaren datu guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.