'De Miguel auziko' helegite guztiak atzera bota ditu epaileak

Araban izan diren ustezko ustelkeria kasuen auziarekin jarraitzea erabaki du.Hamabost inputatuk aurkeztu zuten errekurtsoa

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2015eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Araban izandako ustezko ustelkeria kasua ikertzen duen De Miguel auziarekin aurrera jarraitzea erabaki du Roberto Ramos Gasteizko instrukzio arloko 4. zenbakiko epaileak. Helegite guztiak baztertu, eta auzibidearekin segitzea erabaki du. Inputatutako 26 lagunetatik hamabostek aurkeztu zuten errekurtsoa, baina Ramos epaileak ez du bat bera ere aintzat hartu. Atzo kaleratutako autoan, epaileak adierazi du instrukzio amaieran kaleratutako autoa «zuzena eta zuzenbidearen araberakoa» dela.

Ramosek martxoaren 9an kaleratu zuen De Miguel auziari zegokion autoa, eta haren bitartez 26 lagun inputatu zituen, ia gehienak Arabako EAJko goi kargudun ohiak. 11 delitu leporatu zizkien, besteak beste, dirua zuritzea, funts publikoak bidegabe erabiltzea eta dokumentuak faltsutzea. Inputazioen aurkako helegitea aurkeztu zuten orduan hamabost lagunek, tartean, Alfredo De Miguelen abokatuak. Errekurtsoetan salatu zutenez, epaileak inputatuen hainbat eskubide urratu zituen instrukzioan, «bereizketarik gabe» eta informatu gabe egin zituelako zenbait ikerketa. Gainera, argudiatu zuten autoak ez zituela«banan-banan» zehazten inputatuei leporatutako delituak.

Ramos epaileak, baina, argudio horiek denak alboratu ditu. Autoan zehaztu duenez, inputatu denei behar bezala jakinarazi zitzaizkien epaitegian egotzitakoustezko gertaerak eta delituak zeintzuk ziren. Gainera, autoan «ustezko egileak identifikatu eta horien ardura kriminalaren zantzuak» adierazten zirela gogoratu du. Hori hala, inputatuen «babesgabetasunik» ez dagoela dio , eta hortaz, auzibidea ez dela zertan baliogabetu behar.

Enpresa sarea

Ustez legez kanpoko komisioak kobratzen zituen sare bat ikertu da De Miguel auzian. Martxoaren 9an kaleratutako autoan, epaileak jakinarazi zuen «zantzu nahikoak» daudela Alfredo de Miguel Arabako foru diputatu ohia akusatzeko. De Miguelez gain, Arabako EAJko beste hainbat buruzagi ohi inputatu zituen: besteak beste, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano Arabako EAJko kide ohiak, Gurutz Larrañaga eta Xabier Sanchez Robles Juan Jose Ibarretxeren gobernuko kide ohiak, eta Julian Sanchez Alegria eta Alfonso Arriola EAEko teknologia parkeen sareko buruzagi ohiak.

Inputatu guztiei leporatu zien «EAJk zuzendutako administrazioetan edo erakunde publikoetan legez kanpoko kontratuak edo esleipen publikoak lortzeko» sare baten kideak izatea. Epailearen ustez, De Miguelen enpresa sareak 600.000 euro inguru kobratu zituen komisioetan, «kontratu simulatuen bitartez».

Arabako ustezko ustelkeria sarea ezagutu zenetik bost urte bete zirenean, instrukzio faseari amaiera eman eta 26 lagun inputatu zituen Gasteizko instrukzio arloko epaileak. Atzo kaleratutako autoarekin, inputatuen aurkako ahozko epaiketa egiteko asmoari eutsi dio epaileak.

Ramosek aldeei eskatu die aurkez ditzatela, egoki ikusiz gero, behin behineko ondorioen idatziak eta zehaztu ditzatela ustezko delituen kalifikazio juridikoak. Horiek esanda, epaileak helegitea aurkeztu duten inputatuen defentsako abokatuei gogoratu die bost eguneko epea dutela dei helegitea aurkezteko Arabako Probintzia Auzitegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.