Musika eta natura, eskutik helduta BOSen 2018-2019 denboraldian

Urrian hasiko da musika sinfonikoko denboraldia, eta datorren urteko ekainean bukatuko. 44 kontzertu emango dituzte

Erik Nielsen eta Ibon Aranbarri, atzoko aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2018ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
«Ikusleek luzaroan gogoratuko dute aurtengo denboraldia». Pozik agertu da Ibon Aranbarri Bilboko Orkestra Sinfonikoko zuzendari nagusia osatu duten egitarauarekin. Atzo aurkeztu zuten 2018-2019ko denboraldiko egitaraua Aranbarrik, BOSeko zuzendari titular Eric Nielsenek eta Bizkaiko kultura diputatu Lorea Bilbaok Bilboko Euskalduna jauregian. Naturaren eta musikaren arteko harremana izango da datorren denboraldiko ardatza, eta han arituko diren zuzendarien, orkestren eta bakarlarien «maila handia» nabarmendu dute.

Guztira, hamazazpi egitarau sinfoniko eta ganberako hamar kontzertu emango dituzte BOSek, 22 bakarlari gonbidatuek eta Nafarroako eta Gaztela Leongo (Espainia) orkestrek. Naturaren eta musikaren arteko harremana izanik denboraldiko ildo nagusia, gai hori landu duten konpositore eta piezak izango dira nagusi. Horien artean nabarmendu dituzte Beethovenen Pastorala eta Mahlerren Hirugarren Sinfonia; horiBOSen Gabonetako kontzertuan eskainiko dute. Naturari lotutako zikloaren barruan, Debussyren heriotzaren mendeurrena ospatzeko La mer pieza joko dute.

Bernsteini omenaldia

Denboraldi irekierak zinema kutsua izango du. Aurten, Leonard Bernstein konpositore estatubatuarra jaio zela ehun urte beteko direla baliatuz, BOSek West Side Story film klasikoaren kontzertu proiekzioa egingo du. Ez da izango zinema munduarekin lotutako denboraldiko kontzertu bakarra. 2001: Odisea bat espazioan filmeko zenbait piezatan oinarritutako kontzertu bat osatu dute Xian Zhang maisuaren zuzendaritzapean.

Sorkuntza lan berriek ere izango dute tokia. Javier Martinezen Lurraren esnatzea obra estreinatuko dute, eta Nielsen irrikan agertu da, BOSeko kidearen lana ezagutzera emateko. Lehen aldiz entzungo da Ludwig Lebrunek XVII. mendean idatzitako Pariseko kontzertuaren bosgarren seriea ere. Oboe jotzailearen partiturak galdutzat jo ziren Joseba Berrocal musikologo bilbotarrak aurkitu zituen arte. BOSen eskutik berrizentzuteko aukera egongo da.

Aurtengo kontzertu bereziaren protagonista Maria Joao Pires pianista izango da. Mozarten Sonatek eta Chopinen Nokturnoek osatuko dute piano munduko erreferenteak prestatutako errepertorioa. Aranbarrik musikari brasildarraren «leuntasuna eta dotorezia» nabarmendu ditu. Emanaldi horiez gain, BOSen denboraldiko egitaraua osatuko dute, besteak beste, Frank Peter Zimmermann biolin jotzailearen errezitalak, musika eta heriotza elkartuko dituen Santu Guztien Eguneko kontzertuak eta musika barrokoari lotutako BOSbaroque egitarauak.

Ganbera denboraldia urrian

Kontzertu sinfonikoez gain, ganbera denboraldia ere antolatu dute. Hamar kontzertuk osatuko dute, eta hori ere urrian abiatuko da. Hiru nabarmendu dituzte: Varvara pianistaren eta Philippe Quint biolin jotzailearen errezitalak, eta Josu de Solaun musikariaren parte hartzea BOSeko hari laukotean. Euskalduna Jauregian eskainiko dituzten kontzertuez gain, BOSeko orkestra Bilbotik kanpo ere arituko da. Donostiako Musika Hamabostaldiaren estreinaldian izango da abuztuan, Bizkaiko zenbait herritan kontzertuak emango ditu, eta bira bat antolatu dute Omanera.

Nielsenek azaldu du denboraldia osatzean «ordura arte jo gabeko konpositore eta obren alde» egin duela. Pozik agertu da aurten ere «izen handiko» zuzendari eta artistak etortzea lortu dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.