'Memoria nola idatzi' gaia jorratuko dute Maiatzen 29. solasaldietan

Etxeberri-Aintxart, Meabe, Epaltza, Guillan eta Dirassar izanen ditu hizlarien artean, astearte eta asteazkenean

Erredakzioa
Baiona
2013ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Memoria nola idatzi galderari erantzuten ahaleginduko dira Maiatz argitaletxe eta aldizkariak antolatu solasaldietan asteazken honetan. 29. aldirako, Aingeru Epaltza nafarrak, Erresuma eta fedea liburu bilduma lekuko, historia eta fikzioa nola uztartzen ahal diren hausnartzekoa emanen du, besteak beste. Peio Etxeberri-Aintxartek editore ikuspuntutik jorratuko du gaia bereziki, Elkar argitaletxeko Baionako arduradun gisa historia sailean argitaratzen dituen lanak eta Gabi Etxebarne idazleak hainbat lekukotasunekin osatu liburuak euskarritzat hartuz. Janbattitt Dirassar hazpandar ziburutartuak, bere haurtzaro edo inguruko munduak kontatuz, memoria eta oroimena garatzekoak ditu; besteak beste, argitaratu berri duen Bele Xuriak kronika liburua.

Marikita Tambourinek Iraun bere azken liburuan hartu bideak aurkeztuko ditu. Hitzordua Baionako Euskal Museoan finkatua dute, 19:30ean. Ondotik, 21:00etan, gai beretik barrena ariko dira Sustrai Colina eta Amets Arzallus bertsolariak. GaualdiaPierre Mestrot idazleak hasiko du Arimen ohoina polizia nobelaren aurkezpenarekin.

'Maiatz'-en 56. zenbakia

Solasaldiak bezperan dira hastekoak, beti Euskal Museoan, eta beti 19:00etan. Astearteko egitarauari dagokionez, Maiatz aldizkariaren 56. zenbaki argitaratu berriaren aurkezpenarekin hasiko dira. Honetan, 25 autorek parte hartu dute. Poesia eta eleberriak elkartzen ditu, literatur munduko idatziek gaurko jendartea erakusten dutela. Sar hitzan emana denez: «Gure esku jarri behar dugu sorkuntza, hizkuntzarenak etorkizuna ere baldintzatzen baitu».

Miren Agur Meabek hartuko dio lekukoa aurkezpenari, oren erdi bat berantago. Kristalezko begi bat (Susa) berriki argitaratu liburuaz ariko da, Itxaro Bordak elkarrizketatuko duelarik. Azkenik, 20:30ean, Oier Guillan Elkartasun basatia poesia liburuan oinarritu errezitaldiarekin bururatuko dute gaualdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.