Donostiako Aste Nagusia. Aitor Valdecantos. Valecea pirotekniako gerentea

«Pandemiak oso gogor erasan dio gure sektoreari»

Donostiako Su Festen Nazioarteko Lehiaketak 57. aldia du aurten, eta Arabako Valecea su etxearen emanaldiarekin hasiko da, gaur. «4.0 ikuskizun bat» emango dute.

BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Valecea su etxeko bosgarren belaunaldiko kidea da Aitor Valdecantos (Gasteiz, 1975). Ofizio horretan aritzen diren etxeen artean zaharrenetakoa da haiena, baina baita berritzaileenetakoa ere. Adi gaur haien suen koloreei (22:45).

Ez da zuen lehen aldia Donostian...

Ez, badira jada ekitaldi batzuk, kontua galduta daukat: uste dut bospasei direla.

Aurreneko ekitaldian ere parte hartu zenuten, 1963an?

Halaxe da. Izan ere, kontuan hartu behar da Espainiako Estatuan dauden piroteknia enpresen artean zaharrenetakoa dela gurea, zaharrena ez bada.

Kontxako badia agertoki berezia da?

Nik beti esaten dut Donostiakoa nazioarteko bost lehiaketarik onenen artean dagoela. Berezi bihurtzen du horrek.

Itzulera bat da hau, baina denontzat. Zer moduz dago sektorea?

Oso ukituta. Pandemiak gogor erasan digu. Iraun duen bitartean, gure fakturazioa zero izan da, eta su etxe bati zabalik eustea oso-oso garestia da. Aseguruak, zaintza, segurtasuna... ordaintzen segitu behar duzu. Kontua ez da hau izan: 'nola ez dudan fakturatzen, kobazuloan sartuko naiz, eta dena pasatzen denean aterako naiz'. Gastua, gastua eta gastua izan da, eta diru sarrerarik batere ez.

Eta zer moduz dago Valecea?

Ongi. Gure zortea da nazioartean lan asko egiten dugula; horrek eman digu arnasa. Kalteak minimizatu ditugu horri esker. Konplikatua izan da, baina hori izan da gure abantaila: 2022rako eskaera batzuk aurreratu ahal izan ditugula.

1876tik horretan aritzea ere bada abantaila...

Hori da. Bosgarren belaunaldia gara gu. Egia da dauzkagun lehen idatziak 1876koak direla, baina 1601ean erosi ziren gure etxean polvorín deitzen diogun tokiko terrenoak. Italiako eta Frantziako arbasoak ditugu. Ruggeri izeneko italiar bat aipatzen dute familian. Italiatik Frantziara joan zen, piroteknia enpresa bat sortu zuen han, eta ez dakigu nondik nora, enpresa hartako kide bat —edo Ruggeri bera— Araban agertu zen, eta gure senitartekoei erakutsi zien suen formulazioa. Horregatik daude gure su etxean jatorri italiarra eta frantsesa duten hitz asko.

Baina orain erabiltzen duzuen hitza«Piroteknia 4.0 jasangarria» da. Zer da hori?

2017tik ari gara horretan, pentsatzen dugulako buelta bat eman behar zaiola pirotekniari. Bosgarren belaunaldira iritsi bagara, horregatik izan da: oso dinamikoak izan garelako beti. Azken berritasunekin lan egiten dugu, jasangarritasuna lantzen dugu —zero plastiko kontzeptua—, eta harago joaten saiatu: jasangarritasuna ez ezik, ikuskizunen sonometria ere bai. Ekojasangarriak izatea da helburua.

Hori al da pirotekniaren oraingo joera? Kolore gehiago eta zarata gutxiago?

Badago jendea dioena: «Ikuskizun ederra izan da, zarata handia egon delako». Ni ez nator bat horrekin. Zarata ez da ederra. Donostiako ikusleak adituak dira jada —hainbat ikuskizun ikusiak dituzte—, eta haiek esaten dizute Valecea etxean baloratzen dutena koloreak direla. Gure gorriak, gure berdeak... oso puruak dira, tonu asko dituzte, eta hori da baloratzen dutena. Horri esker lortzen ditugu Donostian «ooooo» horiek. Izan ere, «ooooo» horiek ez dizkizute sekula zaratarengatik ematen. Zaratak beste gauza bat ematen du: ematen du adrenalina moduko bat, azken trakaren indar hori... Piroteknia horixe da: kolorea, sonometria eta segurtasuna kontrolatzea.

Zuek garatzen dituzue zuen produktu guztiak?

Horixe da gure balioa: ekoizpen katea osatzen duten bakarrenetakoak gara. Dena ekoizten dugu: bolbora, metxak eta koloretako bolatxoak.

Zer egingo duzue Donostian?

4.0 ikuskizun bat. Gure koloreekin eta gure erritmoarekin. Gure erritmoa ere baloratzen du jendeak. Joko bakoitzean egiten dugun koadro hori: loreontzi bat, zurtoinak eta amaieran loreak dituena. Europan garrantzi handia ematen diote horri. Horri esker gelditu ginen bigarren postuan Monakon; oso plaza garrantzitsua da hura [argazkian, sariarekin].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.