Koronabirusa. Eragina ekonomian

Prezio apalek eta kutsatzeko arriskuak antxoa sasoia atzeratu dute

Hego Euskal Herriko arrantzaleek apirilaren 13an ekingo diote, eta Iparraldekoek, 15ean

JON URBE / @FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko arrantzaleek apirilaren 13an ekingo diote antxoaren sasoiari. COVID-19a kutsatu eta arrantzaleen artean zabaltzeko arriskuak eta hasierarako espero zituzten prezio baxuek eraman dituzte kosteraren hasiera hiru astez atzeratzera. Espainiako Gobernuak oraingoz ezarritako alarma egoeraren amaierarekin egingo luke bat, baina ez dute baztertzen etenaldia gehiago luzatu behar izatea.

«Maiatzaren 1ean arrantzaleak normal aritu ahal izatea sinatuko nuke», zintzo mintzo da Eusebio Aranzamendi Ondarroako arrantzale kofradiako presidentea. Arrantzontzien jabeek hala eskatuta, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Kantabriako (Espainia) kofradiek herenegun —berdela arrantzatzeko kuota osatu berritan— erabaki zuten antxoaren sasoia atzeratzea. «Patroiak beldur dira. Arrantzale bat gaixotuz gero, ontzi osoa berrogeialdian izan behar duzu, eta ontzian ezinezkoa da metro eta erdiko tartea mantentzea. Eta, antxoa hastear dagoela, hori arrisku handia da». Era berean, eta argitu duenez, motu proprio harturiko erabakia da, hau da, erakunde publikoek ez dietela debekurik jarri.

COVID-19ak sortzen duen beldurra da atzerapenaren arrazoi handietako bat; eta bestea, «merkatua». Hala azaldu du Miren Garmendia Gipuzkoako arrantzaleen kofradiako idazkariak: «Hasierako antxoa txikia da; handiagoak prezio hobea du, eta hori apirilean iristen da. Orain, prezioak hondoa joko zukeen, eta hobe da pixka bat itxarotea. Freskorako zein kontserbarako preziatuagoa da». Ontzietako jabeek bezeroekin ere hitz egin dute erabakia hartu aurretik, eta haiek ulertu dute. Erosle handiren bat antxoa merke lortzen saiatu bada ere, portuetan diotenez, kontserba industrian ere ezinegona da nagusi.

Antxoa arrantzatzeko baimena martxoaren 1ean hasi zen, baina lehen asteetan oso gutxi harrapatu zuten. «50.000 kilo-edo gurean», zehaztu du Aranzamendik. Hutsaren hurrengoa da, kontuan hartuta Kantauri osoan 29 milioi kilo arrantzatzeko kuota dutela. Dena den, Garmendiaren ustez, beranduago hastea ez da arazo izango kopuru horretara iristeko. «Kuota eskasa da, iaz ere berdina genuen, eta, martxoan hasi ondoren, maiatzerako beteta geneukan. Alde horretatik, apirilean hastea ez da izango arazo handiegia».

Pelagikoekin batera

Geroago hasteak, baina, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako arrantzaleekin uretan topo egitea eragingo du. Haiek arrantza pelagikoa egiten dute; Hegoaldekoek eta Espainiakoek, aldiz, tradizionala, sare arruntekin. Azken urteetan, pelagikoetakoak ekainaren 1ean hasten ziren; aurten, baina, antxoa kanpaina arautzeko akordioa aldatu zuten, eta apirilaren 15ean hastea eskatu zuten. Tradizionalekoek, trukean, haien esku jartzen zuten kuota zatia %3ra murriztu zuten.

Hasieran, bazirudien bi arrantza motatako ontziek tarte motz batean topo egingo zutela. Sasoia atzeratuta, baina, luzatu egingo da, ia batera hasteraino, eta ezagunak dira iraganean izandako istiluak. Dena den, elkarbizitzari dagokionez, Aranzamendi lasai dago. «Azken urteetan, inoiz baino hobeto daude harremanak. Inori ez zaio interesatzen endredotan hastea; nik ez dut uste arazorik egongo denik». Garmendia ere bat dator harremanak hobetu direla, baina tentu handiagoz mintzo da. «Jarrera ona dago bi aldeetatik, eta inori ez zaio komeni liskarrik, baina uretan topo egin arte ezin da jakin. Ikusi beharko orduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.