maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Gaitzik txikiena

2017ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Azken asteotan inkestek hala gertatuko zela aurreratua bazuten ere, V. Errepublikaren historian sorpresa batzuk utzi ditu Frantziako presidentetzarako hauteskundeetako lehen itzuliak. Emmanuel Macron eta Marine Le Pen bigarren itzulira pasatuta, hain zuzen, erabat alboratuta gelditu dira Benoit Hamon eta François Fillon; eta, haiekin batera, hondoratuta PS Alderdi Sozialista eta Errepublikanoak (lehengo UMP). Ikusi beharko da Asanblea Nazionalerako bozetarako burua altxatzen duten...

François Hollande, berriz... ai, Hollande! Ezer egin ez zuen presidente gisa pasatuko ote da historiara, pasatzen bada? Bikote homosexualen arteko ezkontza legeztatzeaz gain egin ote du bertze ekarpen baliozkorik? Azken hilabeteotan, behintzat, ez die oztoporik jarri Euskal Elkargoa sortzeari eta azken mementoan ETAren armagabetzeari. Bada zerbait; ez historialariek oroitzeko adina.

Orain Macron liberalaren eta Le Pen ultraeskuindarraren artean hautatzea gelditzen zaie Frantziako eta haren menpeko lurraldeetako herritarrei, eta ez dago erraza aukeraketa. Lehena langileen eskubideak okertu dituen lan erreformaren aurpegia da, eta bigarrena, berriz, faxismoarena eta frantses nazionalismoarena. Programetatik kanpo, bertzalde, haien diskurtsoetan antzekotasunak ere topa daitezke: bertze hautagai guziek bezala, horiek ere ozen diote «Liberté, égalité, fraternité»; biak dira sistemaren aurkakoak ustez (zein sistema?); «nazioa» babestu nahi omen dute (haiena)... Betiko leloen betiko leloak, edo, bertze hitz batzuetan erranik, Euskal Herriarentzat deus onik ez.

Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarren Frantzian baino emaitza kaskarragoak lortu ditu FNkoak, behintzat. Hemendik bi astera eginen den bigarren itzulian ez dute lan erraza izanen bozkatzera joateko asmoa dutenek, ordea: aukeratu behar, ez zein den hautagairik onena, baizik eta gaitzik txikiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.