Ana Jaka
BIDAIA TXIKIA

Beldurrik gabe

2014ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Zorionez gero eta gehiago hitz egiten da bortxaketaz. Adi singularrari. Bortxaketaz diot, eta ez bortxaketez. Bortxaketak gertatzea arras mingarria zait, jende guztiari bezala, pentsatu nahi dut, eta, hortaz, horietaz hitz egin beharra. Bortxaketa (singularrean) identifikatzea, hitzari beldurra galtzea, hori da baloratzen dudana. Nik neuk ere beldurra diot, ez pentsa, baina, beste batzuk kalera ateratzen direnean bezala, Donostiako biztanleria eta Udala kasurako, eta beste batzuek, etxeko atari barruan, jai eremuko atzealdeetan, ustezko sexu-bikote/hirukote baten kotxean, aurre egiten diotenean bezala, beldurra gainditu eta zutabe hau idazteko beharra dut, neurri apalean bada ere, hitzez borrokatzeko.

Ez naiz ez lehenengoa ez azkena izango, zorionez. Izenak duena izana du, dio esaerak; izendatzen ez denak ez du izanik, gehitzen du Malagako alkateak, epaile batek, ustezkoen lagunek, senitartekoek, txalo artean. Ondo dakite hauek bortxatzaile izendatzeak dakartzan ondorioak: ospe txarra, kartzela... Gizajoak. Izendatzea da kezka, ez bortxaketa bera, ez emakume bortxatua. Azken finean, berari ere komeni zaio halakorik ez pentsatzea, bortxaketa benetan izan zen zalantzan jartzea, ahaztu, bere bizitzarekin jarraitu, sexu-harremanak betiko estiloan izan, gizona ase behin hasiz gero, zorte pixka batekin ez dio eta minik egingo.

Baina hemen gaude batzuk, betiko gogaikarriak, zalantzak argitzeko. Baietza ez badago, bortxaketa da. Eta baietzik ez dago ezetz esaten baduzu, berdin zein momentutan, berdin zure ohekidearekin zauden, eta ez dago drogatuta edo edanda zaudenean, eta ez dago mehatxupean (era askotakoak daude eta, gehienetan, tarteko armarik gabe). Eta ez dago tradizioak senarrarekin harremanak izatera behartzen bazaitu, edo negoziatutakoaz haratago baldin badoa bezeroa.

Ikusi ondo, eta ikusi gerretan zer gertatzen den, eta zer gertatzen den bando garailearen emakume traidoreekin. Eta irakur itzazu estatistika pare bat. Eta esadazu ez ote den garaia bortxaketaz hitz egiteko. Singularrean, hitz handi guztien antzera, zibilizazio guztietan errotua dagoen errealitatea delako, Familia, Boterea eta Sexua bezala. Eta beldurrik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.