maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Haizerik ez badabil...

2017ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Ez zait behin ere gehiegi gustatu ikurrina. Etxean bagenuen bat, Aberri Egunean balkoira ateratzen genuena: txikiak ginenean ilusioz —zer esan nahi zuen gehiegi jakin gabe, Eguberritan izeia jartzen den bezala, berezitasunagatik pozik—, eta handitu ginenean, etxeko zoko batean gordeta.

Gerora hartu izan dut gehiagotan, mendi martxaren batean agian, ala manifestazioren batean. Pisukide ohi batek ere bazuen bat etxean, eta gehiegi maite ez nuen arren, hortxe gelditu zen paretan eskegita. Kanpora joan izan naizenetan ez dut soinean eraman bandera, kataluniarrek nola —doazen lekura doazela estelada aldean daramatela iruditzen baitzait, barkatu estereotipoa—.

Zergatik ez dudan ikurrina maite, ez da erraza erraten. Gorrotorik ere ez diot. Baina erran dezagun ez naizela bereziki identifikatuta sentitzen, edo leku bakoitzean, segun nola. Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan turistentzako souvenir bilakatua da euskaldunon bandera. Gehiago erran nahi du Pays Basque, hots, Frantziaren barneko eskualde bukoliko, bertze deus baino. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban guztiz bertzelako funtzioa: instituzionala, eta Euskadiri —alegia, EAEri— lotutakoa, erabat. Eta bertze lurraldeak, existituko ez balira bezala.

Eta Nafarroan, ai Nafarroan! Leku bakarra da non iruditzen baitzait zentzurik izan dezakeela ikurrak, zergatik eta debekatuta eduki dutelako urte luzez, beharbada; eta oraindik ere sortzen duelako polemika. Ikusi bertzerik ez dago joan den larunbatean Iruñean espainiar erreakzionarioek muntaturiko zirkua. Haien lelo batean laburbilduta: «No somos ultras, somos navarros» (Ez gara ultrak, nafarrak gara). Bandera gorria ere gehiegi gustatzen ez zaidan arren, nigatik arazorik ez: har dezagun Nafarroako bandera ikur nagusitzat, eta kito. Arazoa da, ordea, arazoa ez dela banderaren kolorea. Bandera trapu bat baino ez baita, haizerik ez badabil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.